Ezagutzen zaituenak badaki musika zure zaletasunen artean dagoela. Baina noiz hasi zinen txistua jotzen?
Duela hogei bat urte inguru txistuarekiko zaletasunak beherakada izan zuen Aretxabaletan (beste herri batzuetan moduan). Jendea beste musika bat entzuten, eta beste instrumentu batzuk jotzen hasi zen. Orduan, Demetrio Iriarte zen txistulari nagusia, baina utzi egin zuen, zeukan adinagatik. Orduan animatu egin nintzen txistuaren mundura gerturatzera, eta beste lagun batzuk ere konbentzitu nituen.
Eta zer izan zen egin zenuen aurreneko gauza?
Kanpotik irakasle batzuk ekarri genituen gure buruak prestatzeko. Aretxabaletan sortzen diren behar batzuetarako errepertorioa sortu genuen modu horretan; dantza taldearekin aritzen ginen txistulari moduan, esaterako. Gure afizioak bi oinarri dauka: alde batetik, txistua jotzen disfrutatzen dugu, baina, gainera, denbora pixka bat hartuta gauza berriak ikasteko konpromisoa hartzen dugu. Kasualitatea izango da, agian, baina mundu honetan dabilen jendea oso alaia da, eta erraza da gozatzea.
Oker ez banago, bailarako txistulari egunean ere hartzen duzue parte azken urteetan.
Bai, hala da. Izan ere, azken urteetan beste urrats bat egin dugu eta ibarreko beste txistulari talde batzuekin elkartu izan gara, 40 bat lagun. Bihar Arrasaten Bailarako III. Txistulari Eguna ospatuko da, eta bertan egongo gara, txistua kalera atera, eta momentu on bat pasatzen.
Urte hauetan zehar zaletasuna handitu al da herritarren artean?
Oraindik ere zaletasuna ez da handia herritarren artean. Egin izan ditugu zenbait saiakera gazteekin, baina etenaldi momentu batzuk egoten direla ondorioztatu dugu. Hau da, 13-14 urte dituztenean jarraitzea kostatu egiten zaie, eta, 18 urterekin unibertsitatera joaten direnean, zaila egiten zaie txistuarekin segitzea.
Baina gaztetan txistua hiruzpalau urtez ikasi duenak gerora berriz heltzeko erraztasuna duela ere konturatu gara.
Musikaz gainera, zure beste pasio bat UDA dela entzun dugu.
Umetatik dudan zaletasuna da, aitarengandik jaso nuen UDArekiko dudan maitasun hori. Klub bezala herrian ere asko estimatu izan dugu, lorpen ugari egon dira, futbolean, atletismoan, pilotan... Umetatik herritar askoren erreferentea izan da.
Bertako presidente ere izan zara, gainera.
Bai, birritan izan naiz UDAko presidente. Aurrena, 1989-1991 urteen artean; eta gero, 2003tik 2008ra izan nintzen. Gustura aritu nintzen, beti edukitzen genituen-eta martxan jartzeko ideia berriak.
Nola ikusten duzu orain kluba?
Alde batetik, ongi ikusten dut. Baina bestetik, iruditzen zait epe motzeko proiektuak eramaten dituztela aurrera, ez dutela gerora begira egitasmorik buruan, eta hori aldatuko nuke.
Arrazoi konkreturen bat egon da horretarako?
Egia esan, klub guztiak pasatu dira prozesu horretatik, ez bakarrik UDA. Hau da, krisialdi bat egon da, geroz eta boluntario gutxiago daude eta hutsuneak betetzeko gurasoak sartu dira zuzendaritza batzordean. Zer gertatzen da? Pertsona horiek klubarengatik baino gehiago, seme-alabengatik arduratzen direla, gehienbat, eta haiek kluba uzterakoan amaitzen direla gurasoen helburuak. Eta bestelako boluntarioek, aldiz, epe luzerako proiektuak izaten dituzte buruan.
Baina guztiaren gainetik, bere alde positiboa ikusi behar diogu. Kirola praktikatzen duten gazteen zifrak ez dira nolanahikoak, eta hori garrantzitsua da, mugitu egin behar baita, sedentario izateari utzi behar diogu eta.