Udal tasa gehienek %3ko igoera izango dutela iragarri zuen Ana Bolinaga alkateak: "Denok dakigu Udalaren egoera ekonomikoa latza dela, baina %3 igotzea erabaki dugu zentzuz jokatu eta herritarrak ez itotzeko".
Aldundira aurkeztutako finantzazio planari begirako igoerak direla gaineratu zuen, "eta gehiago duenak gehiago ordaindu" beharko duela. Hala, etxebizitza hutsak dituztenei %100eko errekargua aplikatuko diete.
Hobariak gutxien dutenei
%3ko igoera izango duten tasen artean daude: etxeetako obra txikiak; ibilgailuak (potentziak gora egin ahala igotzen doa); zaborra; eta Pausoka haur eskola. Etxean kontsumitzen duten urari, ostera, igoerarik ez ezartzea erabaki dute.
Bestalde, ondasun higiezinen gaineko zerga %5 igoko da. Eta milioi bat euro baino gehiagoko fakturazioa duten herriko enpresei %5eko igoera aplikatuko diete jarduera ekonomikoaren gaineko zergan.
Hobariak ere iragarri zituzten. Lanbide arteko gutxieneko soldatara (641,40 euro hilabetean) iristen ez direnek ondasun higiezinen zergan murrizketa izango dute. Murriztuko dutena familia osatzen duten kideen kopuruaren arabera dago.
Kiroldegiari industria ura
EAJko zinegotziak ez ziren bat etorri aurkeztutakoarekin eta irizpide falta egotzi zioten.
Aralarkoek ere "ez zuten ulertu" zergatik igo zituzten tasa batzuk eta ez beste batzuk, urarena, hain zuzen. Gainera, Inaxio Garrok jakin gura izan zuen Ibarra kiroldegiari uraren zein tasa aplikatuko dioten, industriari dagokiona edo etxebizitzei dagokiena, prezioan aldea dagoelako. "Industriari dagokiona aplikatuko diogu, baina azaroaren 6an batzarra dugu bertako arduradunekin eta orduan jakingo dugu zein den kiroldegiaren egoera. Jasoko ditugun datuen arabera berraztertu daiteke zein tasa aplikatu; ez hori bakarrik, beste erabaki batzuk ere hartu beharko dira defizitarioa baldin bada", azaldu zuen alkateak. Aralarkoak ez ziren guztiz konforme geratu eta abstenitu egin ziren.