MUren Aretxabaletako campuseko lanak 5 milioi euro kosta dira

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 24a

Campus berria egokitzeko lanek bi urte iraun dute, eta MUk Aretxabaletako Udalaren laguntza izan du egiteko horretan. Eraikina industria-ondare izateak zeharo baldintzatu ditu lanak: eraikina goitik behera zaharberritu dute, zurezko egiturari eutsi eta elementu berriekin bateratuz. Horren emaitza eraikin moderno eta funtzionala da. Eraikina San Miguel Bedarreta auzoan, Tubos izeneko eremuan kokatuta dago.

Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletako Udalaren laguntza izan du azken bi urteotan landutako proiektua aurtengo ikasturtean errealitate bihurtzeko. Proiektu horretarako arrazoiak bi izan dira: alde batetik, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak azken urteotan Hezkuntzako titulazioetan izan duen ikasle kopuruaren hazkundeari erantzuna ematea; eta bestetik, Unibertsitatearen sustraiak Gipuzkoan sendotuko dituen punta-puntako campus berria eraikitzea, Ikus-entzunezko Komunikazioa ata graduondoak hartzeko.

Ikasturte honetatik aurrera, beraz, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak bi campus ditu: Aretxabaletako berria eta Eskoriatzakoa. Aretxabaletako campusak Ikus-entzunezko Komunikazioaren titulazioa hartu du, espezialitate horretarako espresuki egokitutako instalazioetan, eta, horrez gain, zenbait graduondo ere bertan kokatuko dira –aurtengo ekitaldia abiatu berri duen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu titulua, esaterako. Eskoriatzako campusak, berriz, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak ematen jarraitzen du –orain arte, Ikus-entzunezko Komunikazioa ere Eskoriatzako campusean ematen zen. 

135 ikasle

Eraikinak hiru solairu eta 2.700 metro koadro erabilgarri ditu eta, horietan, Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko 135 ikasle hartu ditu, lau mailatan banatuta:lehen mailako 42 ikasle, bigarreneko 32, hirugarreneko 34 eta laugarreneko 27. Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluko 20 ikasle inguru ere bertan ikasten ari dira dagoeneko, eta graduondo gehiago ere izango dira etorkizunean campus berriko geletan.

Hiru ikasle grabaketa bat egiten, sarreran.

Instalazioak

Eraikinari dagokionez, beheko solairuan daude atondoa eta ikasleentzako zerbitzu orokorrak, areto nagusia –hainbat ekitaldi eta talde-lanetarako erabiliko dena–, platoa –oraindik hornitu gabe, baina paisaiak irudikatzen dituen croma sistemaz jantziko dena– eta, azkenik, wi-fiz hornitutako ikasketa-gela handi bat; lehen solairuan, 40 ordenagailuz hornitutako infogela handi bat, ikasgela handi bat, tamaina ertaineko beste hiru ikasgela eta hiru ikasgela txiki egokitu dira; eta bigarren eta azken solairuan, komunikazioaren teknologia berrien laborategia, irakasle-gela, irrati-estudioa, multimedia-tailerra, animazio-gela eta zortzi edizio-gela daude.   

Titulazioa eta lanbide-irteerak

Gradu horren helburu nagusia da komunikazioaren eta informazioaren arloko balio anitzeko profesionalak trebatzea, edozein komunikazio-arlotan lan egiteko gai izango direnak, batez ere, ikus-entzunezko eta multimedia arloetan. Gradua honako ardatz hauen inguruan egituratzen da:sormena, ekimena, ekintzailetza, diziplina, gaitasun teknikoak, hainbat hizkuntzatan komunikatzeko gaitasuna (euskara ardatz nagusia izanik) eta ikuspegi globala.Ikasketak proiektutan daude banatuta eta ikasleek, gutxienez, proiektu bat landu behar dute lauhileko bakoitzean.

Hala, lehen ikasturtean, aldizkari bat eta proiektu digital bat jarriko dituzte abian; bigarrenean, hainbat plataformatarako informazio-saio bat egin behar dute, ondoren publizitate kanpaina bat diseinatu eta, gero, spota gauzatu; hirugarren ikasturtean, dokumental bat eta irrati-saio bat grabatuko dituzte ikasle guztien artean; eta azken ikasturtean, film labur bat errodatu eta telebista-programa bat prestatuko dute platoan.Horrez gain, ikasle guztiek praktikak egin behar dituzte komunikazioari lotutako enpresa batean, eta azken ikasturtean, Gradu Bukaerako Lana landu eta defendatu.

Aliantzak

Huhezi Goiena komunikazio-taldearekin proiektua lantzen ari da, Aretxabaletako campusera begira, sinergiak sortzeko. Hala, kooperatibismoa bultzatzen duten eta euskara hizkuntza nagusi duten bi erakunde horien artean, aukeraz betetako campusa sortuko da eta ikasleei ikasketa praktikoagoak eskainiko zaizkie.

Bi erakundeok duela hiru urte hasi ziren elkarren arteko lankidetza prestatzen, eta, gerora begira, proiektu bateratuak jarri ahal izango dituzte abian. Hala, biek ala biek elkarguneak partekatuko dituzte, komunikazioari lotutako jarduerak ipiniko dituzte martxan multimedia-kazetariaren ikuspegitik, berrikuntza-proiektuak gauzatuko dituzte eta ikasleek Goienako komunikabideetan egin ahal izango dituzte praktikak: telebistan, prentsa idatzian eta Interneten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak