Slow Food Donostia tokian tokiko produktuak bultzatzen dabil, eta "Aretxabaletako tomatea adibide ona" dela esan du taldeko presidenteak, Juan Manuel Garmendiak.
40 urte herrian
Herrian gutxienez 40 urte badauka Aretxabaletako mozkorra deitzen den horrek. Nola topatu zuen kontatzen digu Koldo Zubizarretak: "Domeka baten, ama eta biok paseo-leku batera joan ginen. Han topatu genuen Juan Jose Arenaza Atxurdin, eta haren ortua ikustera joan ginen. Hark zeukan tomate klase hori. Gustatu egin zitzaigun eta ale bat edo bi hartu eta harrezkero geuk mantendu dugu klase hori". Berez tomatea nongoa den ez dakite.
Zubizarretak helburua bete du: Aretxabaletako tomatea mantentzea. "Beti izan dut gauzak mantentzearen kontzientzia hori, eta pena ematen zidan Aretxabaletako tomatea galtzea". Antzuolako Tomas Larrañaga baserritarrari proposatu zion landu zezala, eta horrela lortu zuen zabaltzen hastea. Eta haren haziak Zaragozako hazitegian dituzte gordeta.
Gaur egun, Aretxabaletako mozkorra asko lantzen da leku askotan, bereziki Zarautz inguruko hazitegi ekologiko batzuetan; han, neguan ere ereiten dute.
-----------------
'Mozkorra', hitz gutxitan
Goxoena: 2010ean, Gasteizen, tomate-kata egin zuten, eta 13 tomate klaseren artean Aretxabaletakoak irabazi zuen.
Goiztiarra: azal fina du, okelatsua da eta hazi gutxi du. Heltzeko momentuan, beste batzuk baino lehenago etortzen da, eta multzoka etortzen dira aleak.
Emankorra: Koldo Zubizarretak dioskunez, "tomate hau beste batzuk baino lehenago etortzea ona da, beti lehenengo aleak direlako onenak". Gerora ere ematen ditu aleak, ordea.
Babestua: Slow food mugimenduak Aretxabaletako mozkorra bere babespean hartu du; izan ere, galtzeko arriskuan zegoen tomate klase hori. Gipuzkoan, beste tomate mota batzuk dira dendetan zabalduenak; gehienak hibridoak dira.
Berreskuratzen: galdutakoa berreskuratzen joan da Aretxabaletako mozkorra; orain dela urte batzuk arte, denda txikietan eta azoketan 300 bat kilo egoten zen. Gaur, askoz gehiago ekoizten da.
Antzuolan: Antzuolako Lapatza baserri ekologikoak ekoizten du; Zarautz eta Itziarren ere bai.