Aretxabaletan mozkorra izeneko tomatea daukate. Mozkorra izena tomatearen koloreagatik eman zioten eta Euskadin, tomate-dastatze baten, goxoena Aretxabaletako tomate klasea zela erabaki zuten parte-hartzaileek. Guretik kanpo asko zabaldu da, Frantziaraino ailegatu da, eta oso estimatua da. Hala ere, bere herrian, jendeak ez du behar adina ezagutzen. Hutsune hori betetzen saiatu ziren Slow Food Donostia elkarteko kideak eta Aretxabaletako tomatearen zabaltzaile Koldo Zubizarreta herritarrak eguaztenean Debagoieneko XII. Jardunaldi Gastronomikoen barnean egindako hitzaldi baten.
Slow Food Donostia tokian tokiko produktuak bultzatzen dabil, eta "Aretxabaletako tomatea adibide ona" dela esan du taldeko presidente Juan Manuel Garmendiak.
Herrian gutxienez 40 urte badauka Aretxabaletako mozkorra deitzen den horrek. Nola topatu zuen kontatu digu Koldo Zubizarretak: "Domeka baten, ama eta biok paseo-leku batera joan ginen. Han topatu genuen Juan Jose Arenaza Atxurdin, eta haren ortua ikustera joan ginen. Hark zeukan tomate klase hori. Gustatu egin zitzaigun eta ale bat edo bi hartu eta harrezkero geuk mantendu dugu klase hori".
Berez tomatea nongoa den ez dakite baina Zubizarretak helburua bete du: Aretxabaletako tomatea mantentzea. "Beti izan dut gauzak mantentzearen kontzientzia hori, eta pena ematen zidan Aretxabaletako tomatea galtzea".
Antzuolako Tomas Larrañaga baserritarrari proposatu zion landu zezala, eta horrela lortu zuen zabaltzen hastea. Eta haren haziak Zaragozako hazitegian dituzte gordeta.
Gaur egun, Aretxabaletako mozkorra asko lantzen da leku askotan, adibidez Itziarren eta bereziki Zarautz inguruko hazitegi ekologiko batzuetan; han, neguan ere ereiten dute.