Aldarrikapena eta jai giroa Emakumearen Asteko ekitaldi nagusian

Mirari Altube Arrese 2012ko urriaren 18a

Emakumearen eskubideak aldarrikatzea helburu duen astea aurrera doa eta atzo, eguaztena, ekitaldi nagusia egin zuten plazan; bertan elkartu ziren Udaleko eta elkarte askotako ordezkariak. Astea ez da bukatu eta zapatu arratsaldea bitartean hitzordu asko daude, baina kontzertua bertan behera geratu da.

Ekitaldi apala egin zuten baina era berean indartsua. Herriko ordezkari asko izan ziren taula gainean emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapenak egiten. Udal ordezkarien artean, Bilduko Lore Martinez eta Tomas Fernandez, eta EAJko Mikel Uribetxeberria; eta teknikarien artean Asier Muxika, kirol teknikaria; Jose Mari Segovia, hirigintza teknikaria; eta Xabier Mendizabal, idazkaria.

Kirol elkarteetako ordezkariak ere izan ziren: pilota taldeko Juan Mari Errasti, Aretxabaleta kirol elkarteko Anabel Aranzadi, eta Zaraia mendizale elkarteko Iban Luelmo.

Eta beste elkarte askotako kideak ere bai, tartean: Loramendiko presidente Eneritz Urrutia; eta Aretxarte merkatarien elkarteko Idoia Elexpuru.

Ikastetxeetako ordezkariak ere elkartu ziren: Kurtzebarri eskolako neska talde batek dantzan egin zuen eta beste batzuek bertsotan. Arizmendiko ikasle bik, ostera, emakumearen aldeko aldarrikapen indartsua egin zuten maskara eta txanoa jantzita. Errusiako Pusy Riot taldeko kideak eta "gantxilloaren gerrilariak" izan zituzten gogoan horiek.

 

Ondoren, Ugutz Usandizagak eta Nerea Uleziak antzezlana eskaini zuten.

Kokein eta On taldeen kontzertua bertan behera

Astea, baina, ez da bukatu eta gaur, eguena, Divinas antzezlana izango da Arkupen (19:00) Oihulari Klown taldearen eskutik.

Bihar, ostera, gazteei begirako hitzorduak izango dituzte, tartean grafiti ikastaroa gaztelekuko kideekin, saskibaloi eta eskalada erakustaldiak bailarako neska kirolariekin. Horiez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Paula Kasares irakasleak berbaldia eskainiko du. Kokein eta On taldeen kontzertua egon arren iragarrita bertan behera geratu da eguraldi txarraren iragarpenagatik.

Zapatuan emango diote bukaera asteari hainbat kirol hitzordurekin baina beti gogoan izanda egunero dela martxoak 8.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak