Josu Zaloña: "Euskara lehendakariaren politikaren erdigune bat izan beharko litzateke"

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 19a

Josu Zaloña Fernandez (Aretxabaleta, 1975) euskara teknikaria da EMUN kooperatiban. Politika interesatzen zaio eta bozkatzera joango da domekan; hala ere, kritikoa da orain arte izan diren lehendakariekin. Ajuria Eneako hurrengo bizilagunari eskatzen dio euskara bere politikaren "erdigune" egin dezala eta hizkuntza politika "anbiziotsuagoak" egin ditzala.

Interesatzen zaizu politika?

Bai, interesatzen zait, eta denoi dagokigun kontua dela iruditzen zait. Eremu publikoa, guztiona da, eta beraz, bertan hartzen diren erabakietan parte hartu beharko genuke modu batera edo bestera.

Eta Legebiltzarrerako hauteskundeak?

Aurten, interes bereziarekin jarraituko ditut, inflexio puntu bat suposatuko baitute, eta aspaldiko partez alderdi guztiek parte hartzeko aukera izango dutelako.

Zer iruditzen zaizu aurreratu izana?

Batetik, PSOE-EEren kalkulu elektoralen arabera hartutako erabakia izan dela, nahiz eta beraiek esan hobe beharrez aurreratu dituztela; bestetik, EAEn azken urteetan egondako gobernuak izan duen zilegitasun gabeziaren isla izan dela, milaka herritarren bozka legez kanpo uztearen bidez osatutako gobernua eduki baitugu azken urteetan.

Bereziak izango dira?

Momentua berezia da, behintzat, gauza garrantzitsu asko gertatzen ari baitira: krisi ekonomikoa, Katalunian independentziaren aldeko giroa , bakegintzan emandako urratsak, Sorturen legalizazioa...

Zer dago jokoan, zure ustez?

Besteak beste, bi gai nagusi ikusten ditut nik: bakegintza eta egoera ekonomikoa. Neurri batean, hauteskunde hauek bi kontu horiei zein erantzun emango zaien baldintzatuko dutela uste dut. : bakegintzan, gatazkaren ondorioei erantzuteko pausuak ematerako orduan (presoak, iheslariak, biktimak…), eta euskal herritarron erabakitzeko eskubidea gauzatzeko oinarriak eraikitzeko orduan; egoera ekonomikoari dagokionez, ikusteko dago egoera honetara eraman gaituztenek proposatzen dizkiguten politika zaharrekin jarraituko ote dugun, edo beste eredu baterantz eramango gaituzten politika ekonomikoak egiteko gai izango garen.

Botoa emateko asmorik bai?

Bai.

Kanpainak baldintzatu dezake zure botoa?

Kanpainak ez du nire botoa baldintzatuko, erabakia aspalditik hartua baitaukat.

Ongi deritzozu hauteskunde ostean paktuak egiteari?

Paktuak egitea beharrezkoa izango da. Gehiengo zabalik ez da egongo, eta esku artean dauden erronka politikoek elkarlana eta kontsentsuak bilatzeko ahalegin berezia eskatuko dute, hauteskundeak irabazten duenak irabazita ere. Esan eta esan ari dira bizi dugun egoerak gobernu sendoa eskatzen duela, baina gobernua osatzeko paktu zabal bakar bat beharrean, arlo ezberdinekiko (bakegintza, garapen ekonomikoa...) paktuetan oinarritzea ere ona izan daiteke. Alde horretatik, oso kaltegarria eta tamalgarria iruditu zait hainbat alderdik EH Bildu baztertu nahian-edo erakutsi duten jarrera.

Zeinen artean uste duzu egingo dituztela?

Bi aukera nagusi ikusten ditut, gobernua osatzeari dagokionez, EAJ eta EH Bilduren artekoa bata, eta EAJ eta PSOE-EEren artekoa bestea. Azken urteetan ikusitako joerei begiratuz, esango nuke EAJ eta PSOE-EEren artekoa emateko aukera gehiago dagoela; aurrera begiratuz gero, aldiz, ziklo politiko berri baten hasieran gaudela ematen du, eta EAJ eta EH Bilduren arteko paktua ere izan daiteke. Ikusiko da.

Nork uste duzu irabaziko dituela hauteskundeak?

Azken egunetan argitaratu diren galdeketak hartuz gero badirudi EAJk irabaziko dituela. Dena den, EH Bilduk, alderdi ezberdinen artean osatutako koalizioa eta berritasuna duen eskaintza politikoa izatean, bestelako ilusioa-edo piztu duela pentsatzen dut, eta ez dakit hori zenbateraino islatzen den zabaldu diren inkesten emaitzetan. Alde horretatik, aurreikusten zaizkion emaitzak baino hobeak lor ditzakeelakoan nago. Lehia estua izango da.

Eta nor izango dela lehendakari?

Urkulluk Mintegik baino aukera gehiago izango ditu.

Zer eskatuko zenioke lehendakari berriari?

Kanpainan, hainbat gai bazterrean-edo gelditu dira, eta bereziki, hizkuntza politika anbiziotsuagoa martxan jarri dezala eskatuko nioke; eta euskara bere politikaren erdiguneetariko bat izan dadila.

Orain arte izan ditugun lehendakarien artetik gehien gustatzen zaizuna?

Orain artean nik ezagutu ditudanek lan kaskarra egin dutela pentsatzen dut, beraz, gustukorik bat ere ez.

Zergatik?

Iruditzen zait, besteak beste, ezagutu ditudan lehendakariek ez dutela momentu bakoitzeko egoera politikoak eskatzen zuen maila erakutsi, eta Euskal Herrian bizi izan ditugun korapilo nagusiei (gatazka politikoa, euskara, herrigintza...) heltzerakoan nahiko epelak izan direla, beraien interesekin itsutuago beste ezertan baino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak