Domekan ahaleginduko dira Nuptsera igotzen

Xabier Urtzelai 2012ko urriaren 11

Amaitu dira entseguak, eta baita altuerarako egokitzapen lanak. Naturgas/BBK Nuptse 2012 espedizioko kideak gertu daude Nuptse (7.861 m.) mendiaren hegoaldeko hegala lehendabiziko aldiz oxigenorik gabe, garraiatzailerik gabe, soka finkorik gabe eta altuerako kanpamentu egonkorrik gabe igo nahi dute: "Igandean, eguraldiak laguntzen badu, Nuptserantz  abiatuko gara tontorrerako iristeko asmotan", adierazi du Zabaltzak, azken hiru egunak Baruntsen egin ostean kanpalekura iritsita.

Bart amaitu zuen NATURGAS/BBK NUPTSE 2012 espedizioak altuerara aklimatatzeko garaia, egindako hirugarren irteeratik oinarrizkoa kanpalekura itzuli ondoren. Egindako lanak Basque Team-eko alpinistak Baruntse mendiaren inguruan bi gau igarotzera behartu ditu , 6.000 metroko altueran. Oraingoan esfortzu handia izan da, altueraz gain egindako distantzia eta eguraldi eskasak gauzak zaildu ditu baina espediziokideak gustora itzuli dira burututako lanarekin eta hiru egun barru bertara eraman ditu en helburua gauzatzera aterako dira, eguraldiak baimentzen badu behintzat.

Oinarrizko kanpalekutik satelite bidezko telefonearen bitartez Mikel Zabalzak atzo etengabeko 10 orduko  ibilaldiaren ondoren oinarrizko kanpalekura heldu zirela kontatu digu, Baruntse mendiaren magaletik atera zirelarik, hain zuzen ere orain hiru urte Makaluko espedizioan hirurek bisitatu zuten menditik. “Lau egun eman ditugu kanpoan eta gogorra izan da, helburua nahiko urruti dago, zorua ere ez dago batere ondo eta 5.900-6.000 metroko muinotxoak gainditu behar izan ditugu. 6.500 metroetara heldu nahi genuen baina azken 2 gauetan ezin izan dugu 6.200etik pasa, ikaragarrizko elurtea bota baitzuen; ia 40 zentimetro bota berri zituen eta igotzea erokeria zen orduan”.

“Arazo larririk ez dugu izan -aipatu du nafarrak- baina ez da batere erosoa bi pertsonentzat pentsatuta dagoen denda batean hiru lagun sartzea, 30 orduz elurpean eta zero azpiko 18-20 gradu genituela. Oztopoak oztopo kontent gaude aklimatazioa pentsatu bezala egin dugulako: orain hiru eguneko atsedenaldia hartuko dugu eta igandean, eguraldiak laguntzen badu, Nuptserantz  abiatuko gara tontorrerako iristeko asmotan.

Eguraldi iragarpen zehatza jaso bitartean haizea da aurkari nagusia Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzarentzat. Ildo horretan Mikelek esan duenez “iragarpen berririk ez dugu ikusterik izan baina jaso genituen azken prebisioek 70 kilometro orduko haizea ematen zuten 7.500 metrora, gutxienez hilaren 14ra arte, eta egoera honek asko zailduko luke gure helburua kontutan izanda 30 gradu azpiko tenperaturekin sentsazioa askoz bajuagoa dela, izozketak sufritzeko arriskuarekin”. Elurra aldiz ez litzateke arazo handia izango, fronterik ez baitute iragarri hurrengo eguneratarako. Eguraldia oinarrizko kanpalekuan Baruntseren magalean baino hobeagoa da eta horrela mantentzeko joerarekin atseden hartuko duten hiru egunetan.

Ondobidean Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak igandean ekingo liokete tontorrerako bideari, baldintza onetan oinarrizko kanpalekutik kanpo bostpazei egun egotea suposatuko luke. “Edozein modutan, Zabalzaren zehaztu duenez- igandean ezin badugu atera momentuz denboraz ondo gabiltza, moralez eta prestakuntza aldetik ere gainezka gaude gainera” .

NATURGAS BBK NUPTSE 2012 ESPEDIZIOAk Everesteko hego-mendebaldetik hiru kilometro eskasera dagoen mendi bat jarri du helburu moduan. Nuptse, hegoaldetik, bost kilometroko zabalera duen horma da, oso bestelako bost tontor dituena, guztiak 7.700 metrotik gorakoak. Tontor nagusia 6 aldiz igo da soilik, eta behin baino ez hegoaldeko hegaletik, euskal espedizioak helburutzat jarri duen bidetik. Jatorrizko zailtasunez gain Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak alpetar estiloak dakartzan mugak gehituko diote erronkari ( oxigenorik gabe, garraiatzailerik gabe, soka finkorik gabe eta altuerako kanpamentu egonkorrik gabe).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak