Herbeheretarrak gurean, azkenekoz?

Xabier Urtzelai 2012ko urriaren 13a

Herbehereetako iparraldeko Cuijk herrian dago Merletcollege ikastetxea. Eta joan den zapatuan ikastetxe horretako 35 ikasle eta hiru irakasleak Aretxabaletara iritsi zirenerako, Kurtzebarri eskolakoek ez aspertzeko moduko egutegia zuten prest.

Eta zorionez, DBHko 4. mailako ikasleekin batera, aurreikusitako ekintza guztiak eguraldi ederraz lagunduta egin ahal izan dituzte: "Azken hiru urteotan zorte galanta izan dugu eguraldiaz. Esaterako, martitzenean Donostian izan ginen egun-pasa, eta oso eguraldi ona izan genuen. Hala, segituan konturatu ginen ikasleei asko gustatu zitzaiela Haizearen orrazia, bertara iritsi eta argazkiak ateratzen hasi zirelako euretako asko", adierazi digu Enara Iriondo irakasleak.

Eguaztenean izan ginen Iriondorekin, egun hartako ekintzetan buru-belarri zebilela –ikasleek herri-kirolak egin behar zituzten–: "Oso ondo doa dena. Zapatuan iritsi ziren ikasleak, eta domekan gure ikasleen familiartekoekin egun-pasa joan ziren. Batzuk hondartzara, besteak mendira... Astebeteko egonaldia egingo dute, eta egubakoitzean itzuliko dira etxera".  

Zazpi urteko esperientzia 

Aretxabaletako Kurtzebarri eskolan duela zazpi urte hasi zuten Elkartruke programa: "Urte hauetan guztietan, ikastetxe berberarekin egin dugu programa, Herbehereetako MerletCollege ikastetxearekin. Oso ikastetxe handia da, eurek gurekin batera beste lurralde askotako eskolekin dute hartu-emana, eta eurengana joaten garenean ikusgarria izaten da, lurralde horietako guztietako ikasleekin batzen garelako".

Hala, Iriondok elkartruke programak dituen abantailen gainean egin digu berba: "Oso esperientzia aberasgarria da ikasleendako, eta baita gurasoendako ere. Batetik, ikasleek ingelesez moldatu behar izaten dute, baina ez eskolan bakarrik, baita eskolatik kanpo ere. Jendea ezagutu, lotsak alboratu eta ardurak hartzen dituzte, gauza mordoa ikasten dute, eta kanpora joaten direnean bertako familiekin hartu-emana izaten dute, ez dira turista soil moduan joaten. Gainera, beste hezkuntza sistema bat gertutik ikusi ahal izaten dute". 

Hala, Kurtzebarrikoen aurtengo helburua izan da Merletcollege-ko ikasleei bertako ohiturak erakustea: "Bertako jaiak, jolasak, ohiturak... erakusten gabiltza". Aipatu bezala, ikasleak herri kirolak egiten harrapatu genituen eguaztenean, eta martitzenean, esaterako, baserri batera egin zuten bisita.  

Azkena izateko arriskuan 

Ditxosozko krisiak, baina, hemen ere eragina izan du, eta baliteke aurtengoa azkena izatea: "Eusko Jaurlaritzak programa hauetarako ez du laguntza gehiagorik emango, eta zalantza dugu datorren urtean egin ahal izango dugun, gurasoendako kostu handia izango litzatekeelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak