Elkarrekin kafea hartuz orratzei eragin

Arritxu Barruso 2012ko urriaren 12a

Zuk zeuk egiteko eguna izango da urriaren 27a, edo, modu modernoagoan eta chick-agoan esanda, Do it your self eguna. Debagoienean egingo den horrelako lehenengo ekimena izango da. Gero eta ohikoagoa da horrelako deialdiekin topo egitea.

Orratzak hartu eta lanera 

Eta zer da zuk zeuk egin dezakezuna? Ba puntua, gantxilloa edo gustuko duzun antzeko edozein  eskulan. Arantzazu Lagunilla eta Amaia Beitia dira ekimen horren bultzatzaileak. Puntua egitea gustatzen zaie biei eta zaletasun hori beste debagoiendar batzuekin partekatu nahi dute: "Duela urte asko ezagutzen dugu elkar. Nik Donostian horrelako topaketa batean parte hartu nuen eta bertan ikasi nuen puntua egiten; beraz, zergatik ez horrelako deialdi bat Debagoienean?", dio Beitiak. 

Ondo pasatzea eta zaletasuna partekatzea da helburuetako bat, baina baita elkarrengandik ikastea ere: "Oso aberasgarria izan daitekeela uste dut. Seguru nago elkartzen garenon artean asko ikasiko dugula. Nik txapelak egiten ditut, baina ez dakit eskularruak egiten; beharbada, elkartzen garenon artean norbaitek irakatsi ahal dit eskularruak egiten", dio Lagunillak. 

Urriaren 27an herriko plazan 

Hitzordua egina daukate dagoeneko; urriaren 27an elkartuko dira Aretxabaletako plazan. Asmoa da inguruko kafetegi batera joatea eta zerbait hartu bitartean orratzei eragitea. Deialdia irekia da, baita hutsetik hasi nahi dutenendako ere. www.marahmaran.com webgunean dago deialdiaren gaineko informazio guzti-guztia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak