Jose Mari Velez de Mendizabalek umore ukituarekin idatzitako obra da Paradisuko atean, eta beilatoki batean gertatuak kontatuko ditu: Mirenkarmele Zuazubiskar hil berri da, baina gurekin jarraitzen du oraindik: bere errautsak beilatokian daude, eta handik pasako dira bere senarra, lagunak, bizilagunak, gaztetako amodioak eta senide gorrotatuak. Mirenkarmelek denak ikusiko ditu, denei egingo die berba. Baina mamua da, eta besteek ez dute ez ikusiko, ezta entzungo ere.
Hona hurrengo eguenetako antzezlanak:
Urriak 11: Hil arte bizi Txalo taldearekin.
Urriak 18: Divinas (gazteleraz) Oihulari Klown taldearekin.
Urriak 24: Gure bide galduak Dejabu taldearekin.

Hil arte bizi laneko aktoreak: Iker Galartza, Joseba Usabiaga eta Sara Cozar. Adiskidetasunaren mugen inguruan egiten den hausnarketa da antzezlana: bi gizon, emakume bat… eta gutxienez pare bat maitasun istorio.
Umeendako ikuskizun bi
Umeei eskainitako bi ikuskizun izango dira urrian. Gainera, Txalo taldeak Jon beldurgabea lanaren estreinaldia egingo duela gurean iragarri dute Kultura Saileko kideek. Urriaren 14an, domeka, (17:00) izango da hori, baina datorren aste guztian egongo dira Arkupen, entseguak egiten. Grimm anaien ipuin ospetsuan oinarritutako lana da, barre eragiteko apropos egokitua.

Urriaren 28an, ostera, Martxan antzezlana eskainiko diete 5 urtetik aurrerakoei Poxpolo ta Konpainiak.