Interesatzen zaizu politika?
Interesatzen zait, eta hala behar du, gainera. Izan ere, politikan oinarritzen da estatuaren antolaketa (legislazioa...). Hala ere, askotan ez dut gustuko politikaz politikoek egiten duten erabilpena: egoskorkeria, anbiguetatea, emandako hitza ez betetzea, dirigismoa, herriarengatik urruntzea, dogmatismoak, ustelkeria... Herritar moduan interesatzen zait politika, baina ez ogibide moduan.
Eta Legebiltzarrerako hauteskundeak?
Oso garrantzitsuak dira. Aukeratutakoek legeak emango dituzte.
Zer iruditzen zaizu aurreratu izana?
Uste dut beharrezkoa zela. Oinarrian gaur egungo koalizioak ez zuen gehiago irauterik, legegintza-funtzioan zeuden hutsuneak agerikoak ziren, gobernua ideia berri gutxirekin, eta ideiok aurrera eramateko gaitasun gabe zegoen.
Bereziak izango dira?
Hainbat arrazoi daude bereziak izango direla pentsarazten nautenak:
- Alderdi guztiek uste dute garrantzitsua dela, eta beharrezkoa, aurrez ezarritako joko-arauen barruan parte hartzea.
- Guztiek gura dute demokrazian oinarrituta aurrera egitea.
- Alderdi abertzaleek gehiengoa izan behar dute Parlamentuan; ETA ez da mehatxu armatua, baina Ezker Abertzalea moduan ezagutzen ditugun taldeak zaintzen ditu gertutik, eta gomendioak ematen dizkie.
- Alderdiak indibidualki daude lehian, baina emaitzak bakarka zenbatzeaz batera jokoan egon behar da honakoa: Abertzaleak eta Konstituzionalistak, eta baita PSEren eta EH Bilduren batuketa.
Zer dago jokoan, zure ustez?
Ekonomia enfokatzeko modua, eta Euskadiren subiranotasunaren alde aurrera egiteko modua. Gaur egungo legegintzaren mugen barruan baliabideak zelan kudeatu, eta gastu eta inbertsioak bideratzeko modua. Akaso, honek izango du gehiago teoriatik errealitatetik baino. Izan ere, aldaketarako izaten den benetako nahia, kudeatzeko gaitasuna, benetako helburuak garbi izatea eta horiek lortzeko bideak zehaztea askotan galdu egiten dira; boto erraza lortzeko aldarrikapen hutsalek, maiz, itzalpean uzten ditu programa koherenteak.
Botoa emateko asmorik bai?
Bai, noski.
Baiezko kasuan: kanpainak baldintzatu dezake zure botoa?
Zail ikusten dut, aurre-kanpainan entzuten nabilena aldatzen ez bada. Dena dela, botoa emango diodan alderdia urrun dago nahiko nukeenetik.
Ongi deritzozu hauteskunde ostean paktuak egiteari?
Elkarrizketa beharrezkoa da, eta batekin edo bestearekin adostasunak lortzeko elkarrekin berba egitea ezinbestekoa. Nahiko nuke gobernua osatzeko pakturen bat egotea, eta ez dut baztertzen alderdi batek paktu bidez lortzea bakarrik gobernatzeko aukera. Paktu batzuk beste batzuk baino nahiago ditut, baina aukera batek baino gehiagok alderdi oso positiboak izan ditzake.
Zeinen artean uste duzu egingo dituztela?
Ez dut horrenbeste esateko informaziorik. Baina posible ikusten ditut, politikan mirariak ere egoten direlako, EAJ/PSE alderdien arteko paktua, PSE/EH Bildu alderdiena, EAJ/EH Bildu artekoa...
Nork uste duzu irabaziko dituela hauteskundeak?
EAJk botoak irabaztea gerta daitekeen zerbait da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi aulki gehiago izango dituztenik. Izan ere, Lurralde Historikoen Legeak, lurralde bakoitzari pisu berbera emanda, benetako mirariak egiten ditu.
Eta nor izango dela Lehendakari?
Uste dut Urkulluk (EAJ) Mintegik (EH Bildu) baino aukera gehiago dituela.
Zer eskatuko zenioke lehendakari berriari?
Zintzotasuna, gardentasuna, egia, elkarrizketa, entzuteko gaitasuna, egun daukagun sistema ekonomiko eta finantzarioaren kontzeptuaz haustea, hori lortzen jakitea... Ederra izango litzateke Jose Antonio Pagolak Madrilgo teologiaren kongresuan batu zituen ideiekin bat egingo balu.
Orain arte izan ditugun lehendakarien artetik gehien gustatzen zaizuna?
Ez dut zalantzarik. Euretako bakoitza, zegokion momentuan, onena izan da.
Zergatik?
Sasoi bakoitzean zailtasun ezberdinak izan dituzte, eta ez dakit, sasoi horietan, besteen ekarpena zelakoa izango litzatekeen. Eta, ze emaitza emango lituzkeen horrek.