Kantuan eginez hasi dituzte San Migelak Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2012ko irailaren 29a

Kanturako eta jaietarako gogoz dabiltza aretxabaletarrak eta halaxe, kantuan hasi zituzten sanmigel jaiak atzo. Gaur, ostera, produktu ekologikoen azoka eta artisauak izan dira Durana kaleko protagonistak.

Euriaren beldur ziren atzo Durana kalean elkartutako herritarrak, baina euriak ez zien buruhausterik sortu. Kantu afarirako elkarrtu ziren 300 lagunetik gora, norbere afariarekin –batzuek barbakoa eta guzti egin zuten–, eta halaxe jardun zuten afalostean sei musikarik lagun eginda. Kantu alaiak Furra furra, Agure zaharra… eta hunkigarriak Xalbadorren heriotzean, Izarren hautsa… uztartuta aparteko gau giroa sortu zuten guztien artean.

Eguerdi partean elkartu da jendea azokan

Gaur goizean euria zen goian behean eta lehen orduetan jende gutxitxo hurbildu da produktu ekologikoen 18. azokara eta artisauen postuetara. Eguerdi parterako, ostera, atertu eta jendea perretxikoak legez agertu da. Batzuek, Tril emakume taldekoek egindako talo goxoa jateko aprobetxatu dute, eta beste batzuek, azokako produkturik ederranak dastatu eta erosteko. Herriko trikitilariek eta joaldunek girotu dituzte kale bazterrak.

Eta eguerdiak aurrera egin ahala Iturrigorri pilotalekura hurreratu dira herritar asko errioxar erara gertatutako patatak usainduta. 450 bat lagunek zuten txartela Herrirak antolatutako bazkarirako. Eta aurten, gainera, ontzi berrerabilgarriak izan dituzte zero zaborren ildoari jarraituta. Bazkalostean berriro kantuan jardun dute askok Duo Deno taldeak girotuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak