Amodio-kantuak, eskualde-kantuak eta omenaldia, urteroko kontzertuan

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko irailaren 28a

Azken urteotako ohiturari jarraituz, Aretxabaleta Abesbatzak kontzertua eskainiko du San Migel jaietan, herriko plazan. Hilaren 30ean, domekan, izango da emanaldia, 19:00etan.

Hiru zatitan banatuta

Aurtengo kontzertuak hiru zati izango ditu: lehenengoan, amodiozko kantuak eta boleroak abestuko dituzte; bigarrenean, Pablo Urkia Litri eta Bernabe Makazaga Txikuelo aretxabaletarrak omenduko dituzte; eta amaitzeko, eskualde-kantuak izango dituzte.

Lehenengo zatia sei kantuk osatuko dute: Dame un besito amor, Canción de Orfeo, Pequeña flor, Te quiero dijiste, Un beso y una flor eta Hasta mi final. Guztiak amodiozko kantuak eta boleroak. Zati horretarako, emakumeak beltzez jantziko dira eta gizonezkoak, alkandora zuriz eta praka urdinez.

Bigarren zatian, Aretxabaletako Pablo Urkia eta Bernabe Makazaga omenduko dituzte. Litri eta Txikuelo ezizenez ziren ezagun, bi ezizenak zezen munduarekin lotutakoak, biei gustatzen zitzaizkien-eta zezenak. Biak ezkongabeak ziren, eta oso parrandazaleak, Angel Barandiaran Aretxabaletako Abesbatzako zuzendariaren esanetan. Eurei omenaldia eginez, Litri-k eta Txikuelo-k asmatutako letra eta melodiekin egindako bi abesti kantatuko dituzte: Himno del solterón eta So burra so. Parrandarako kantuak eta elkarte gastronomikoetan lagun artean abesteko moduko kantuak direla azaldu digu Barandiaranek.

Azkenik, hainbat tokitako kantuak abestuz bukatuko dute kontzertua Aretxabaleta Abesbatzakoek: Argentinako Camino del indio de Argentina, Galiziako O voso galo comadre, Kataluniako L'emporda, Andaluziako Con el vito, Ene que risas hicimos bilbainada, Italiako Duetto buffo di due gatti eta Euskal Herriko El menú.

Kontzertuaren azken bi zatietan sorpresatxoren batzuk ere izango direla esan digu Barandiaran zuzendariak, eta, seguru aski, eskualde-arropak jantziko dituztela gaineratu digu Barandiaranek.

Akordeoi, piano eta perkusioz lagundutako kontzertua izango da, eta bakarlariak izango dira Mari Karmen Etxandia, Lourdes eta Mariatxen Urkia ahizpak eta Imanol Aizpurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak