Tradizioaren erakusgarri: herri-kirolak hilaren 30ean

Ubane Madera 2012ko irailaren 28a

Aretxabaletako San Migel jaien hasierako ospakizunak (1989) tradizioan oinarritu izanaren adierazle da herri-kirolek San Migeletako egitarauan hartzen duten  garrantzia: domekako, irailaren 30eko, "plater nagusia" direla esan daiteke. 

13:00etan hasita, bazkalordura arteko egitarau mardul eta ikusgarria prestatu dute Herriko Plazan. Tradizioarekin batera, abilezia, lehiakortasuna eta gaztetasuna uztartuko dituzte.

Erakustaldia, hiru motatakoa

Hasi, erakustaldiarekin hasiko dute hitzordua, aizkolariekin: Ernesto Ezpeleta Bihurri-k, Hodei Ezpeletak (13 urteko gaztea), Jose Felix Zubizarretak, Jexux Mari Muxikak eta Alex Txikonek abiadura proba eta zutikakoa egingo dituzte eta esku barrarekin eta kolpeka jardungo dute.

Karlos Aretxabaleta etorriko da haien ostean, Iparraldeko jokoak erakustera: lasto fardelak jasoko ditu, zazpi metrora; ingude jasotzearen ikusgarritasuna ere ekarriko du; sardearekin lasto fardela hartu eta hura ahalik eta urrutiren botatzen ahaleginduko da, eta gurean sarri ikusten ez duguna: egurra moztuko du, aitzurra erabilita.
Erakustaldia amaitzeko harrijasotzearen saioa izango da: Agustin Arruti Landarbide-k harri baldarra, kubikoa, errektangeluarra eta bola erabiliko ditu airean, paperezkoak balira bezala.

Gaztetasuna

Belaunaldi berrien txanda izango da ondoren. Izan ere, Hodei Ezpeleta (Bihurri-ren semea) aizkolari gazteak aretxabaletarrei urteekin zela hobetzen doan erakutsiko die. "7 urte zituenetik dabil Aretxabaletako plazan, eta harendako oso plaza esanguratsua da. Badaki San Migelen bueltan hura tokatzen zaiola, eta aretxabaletarrek eurek ere mutikoa zela hazten doan ikusiko dute. Egunen batean zerbait izatera heltzen bada, Aretxabaletari esker ona eman beharko dio, duda barik", esan du Bihurri aitak.

Euskal kirolen lehiaketa

Hirugarren atala, berriz, lehiaketari emango diote. Bi taldetan banatuta, bina aizkolarik eta Karlos Aretxabaletak beste bina aizkolariren eta Landabideren kontra jokatuko dute aizkoran, trontzan, txinga eramaten eta korrika.
Bukatzeko, Ernesto Ezpeleta Bihurri-k berak motozerrarekin irudi bat egingo du. "Ez dugu esango zer, baina jendeak gustura ikusten duen tartea dela, bai", dio euskal kirolariak.

Esker oneko berbak

Saioaren nondik norakoak kontatu ostean, esker oneko berbekin bukatu gura izan du  guk egindako galdetegitxoa Bihurri-k: "Aretxabaletako Udalari eskerrak eman gura dizkiot herri-kirolen alde egiten duenarengatik. Hori ez da leku guztietan pasatzen. Gainera, aintzat hartzen gaituzte. Gure eskerrik handiena, izugarrizko meritua dute". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak