Nekazariek eta abeltzainek 20 postu jarriko dituzte, eta, horien artean, urtero hitzordua egiten duten bi aretxabaletar egongo dira: Kurtzebarri eskolako ikasleak barazki eta fruituekin; eta Arkarazoko Mendibitzu baserriko kideak okela ekologiko eta gaztarekin.
Debagoienetik beste hiru saltzaile etorriko dira: Arrasatetik barazkiekin; Antzuolatik ardi gaztarekin; eta Leintz Gatzagatik ogiarekin. Eta aramaioar bat ere izango da: hainbat sari jaso izan dituen Jose Lonbide, hain zuzen.
Horiekin elkartuko dira: Falcesko (Nafarroa) berakatzak; Ciudad Realgo tomate sikuak; Arabako patata erreak; fruitu txikien zuhaitzak; pintxo biologikoak; arropa ekologikoak; eta beste hainbat.
Artisauen lanak
Artisauak ere eskuz landutako lanak ekarriko dituzte Durana kalera: bitxiak; larruarekin egindako osagaiak; ezpelarekin landutako tresnak; artilezko jertseak… Orain arte gurean egon ez den artisau bat ere izango da: artilearekin kaktus bitxiak egiten dituena. Artisau horiek guztiek, gainera, lanean jardungo dute postuan bertan. Herriko Plazan, ostera, jakiak salduko dituzten artisauei egingo diete lekua: pastelak, txokolatea, eztia…
Eta Arizmendiko ikasleek, urtero legez, ikastolan ekoiztutako produktuak eskainiko dituzte: sagar-gozokia, bitxiak…