Preso gaixoen eskubideen aldeko mozioa aho batez onartu du udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2012ko irailaren 25a

Atzo, astelehena, egindako ohiko osoko bilkuran udalbatzako kide guztiak –Alderdi Sozialistako zinegotzia ez zegoen– etorri ziren bat preso gaixoen eskubideen aldeko mozioarekin. Bilduk bigarren mozio bat aurkeztu zuen irailaren 26ko greba orokorraren aldekoa eta hori ere onartu egin zuten. Gainera, urriaren 21ean hauteskunde mahaietan egon beharko duten herritarrak hautatu zituzten.

Bilduk aurkeztu zuen mozioa preso gaixoen eskubideak errespetatzeko eskatuz eta Aralar eta EAJ ere bat etorri ziren. "Badakigu zein izan den Josu Uribetxeberriaren gainean hartutako erabakia, baina oraindik beste 13 daude gaixotasun larri eta sendaezinak dituztenak", jakinarazi zuen Ana Bolinaga alkateak.

Hori horrela hona onartu zituzten hiru puntuak:

  • Preso gaixoen egoera larriaren gaineko kezka adierazten du Udalak, eta indarrean dagoen legea beteaz eta herritarren gehiengoaren borondatearekin bat eginda, urrats errealak emateko deia egin Madrilgo gobernuari.
  • Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 13 presoen baldintzapeko askatasuna eskatu nazioarteko eta Espainiako legedia oinarritzat hartuta. Beharrezkoa duten osasun tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten eta egoera hori, bai beraientzat bai senitartekoentzat, zigor gehigarria izan ez dadin.
  • Erabaki horren berri Madrilgo Barne Ministeritzan eta Kartzela Zaintzako epaileari bideratzea.

Grebaren aldeko mozioa ere onartuta

Bestetik, osoko bilkurako gai-zerrendan egon ez arren irailaren 26ko grebaren aldeko mozioa aurkeztu zuten EH Bilduren izenean. "Krisiari eta erasoei erantzuteko greba" izango dela esan zuten, eta "Euskal Herriaren burujabetza politiko eta ekonomikoaren aldeko bidean urratsa emateko". Horregatik egun horretako ekitaldietan parte hartzeko deia egin zuten.

EAJko zinegotziak ez ziren bat etorri mozioarekin, "grebarako arrazoi batzuekin bat etorri arren EAJri leporatzen dizkiozuen erantzukizunekin ez gaude konforme". Gainera, azken orduko mozioa izanik behar bezala gertatzeko aukerarik ez zutela izan gaineratu zuten. Hala, Bildu eta Aralarreko botoekin onartu zuten.

Hauteskunde mahaietako kideak izendatuta

Bestetik, Murubide kalean udalak duen garajearen salmenta artxibatzea erabaki zuten, eroslerik ez delako agertu.

Eta bukatzeko urriaren 21eko hauteskundeetan Kurtzebarri eskolan jarriko diren mahaietan egongo diren herritarrak aukeratu zituzten. Herritar horiek datozen egunetan jasoko dute jakinarazpena etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak