Hilabetean behin, zapatu batean, zabalik izango dute Atxagazte gaztelekua gauez DBHko 3. eta 4. mailako neska-mutilek. Bihar izango da hori (22:00-01:00) eta "Bat irabazteko lehiaketa" jolasean jardungo dute.
Udaberrian abian jarri zuten egitasmo horren helburua da gazteei tabernetatik aparteko aukera eskaintzea zapatu gauetarako, eta lagunekin elkartu, jolas egin eta beste hainbat ekintzatarako topagunea izan gaztelekua.
Bestalde, gaztelekuak dagoeneko hasi du ikasturtea, eta eguenetik domekara bitartean zabalik dago Arkupeko atzeko partean dagoen egoitza. 12 eta 16 urte arteko gaztetxoendako elkargunea da, eta aisialdirako eskaintza zabala dute bertan.