Sanmigeletako herri bazkarirako txartelak salgai daude

Mirari Altube Arrese 2012ko irailaren 21a

Euskal preso eta iheslariak etxera lelopean antolatu du Herrirak bazkaria San Migel jaietarako, irailak 29. Txartelak astelehena arte izango dituzte salgai honako tabernetan: Urbaltz, Arlutz, Orly eta Gurea. Prezioa, 17 euro.

Iturrigorri pilotalekuan izango da herri bazkaria eta hona menua: patatak errioxar erara; oilaskoa erreta; eta postrea; edaria, kafea eta txupitoa barne. Bazkalostean Duo Deno bikotearen musikarekin dantzaldia egongo da, euskal kanta herrikoiak lagun.

Herrirak jakinarazi du astelehenean jasoko dituela txartelak tabernetatik eta gutxi batzuk eguaztena arte utziko dituela. 450 bat lagunendako izango da lekua.

Bestalde, Herrira bilguneak bazkari egunerako laguntzaileak gura ditu: "Zerbitzari lanetan laguntzeko prest dagoen orori gonbidapena egiten diogu; harremanetarako: atxabaltaherrira@gmail.com".

Zero Zaborraren aldeko apustua

Urtero egiten den herri bazkarian bada berrikuntza bat aurten: Zero Zaborraren aldeko apustua. Hala, bazkarian erabiliko dituzten plater, edalontzi eta bestelakoak berrerabilgarriak izango dira. Udalaren laguntza izan du Herrirak harrikoa egiteko instalazioak eskuragarri jarri dizkielako.

Eta bazkarira joango diren herritarrek kontzientzia hartzea eta ahal den neurrian antolaketaren inguruko jarraibideetan kolaboratzea gurako lukete antolatzaileek. "Espero dugu, guztion jarrerarekin bazkariaz jai giroan gozatzea", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak