Kultur eskaintzaren gaineko inkestarekin hasiko du ikasturtea Loramendik

Mirari Altube Arrese 2012ko irailaren 20a

Loramendi Elkarteak hasi du ikasturtea eta Gabonak arteko ekintzak zehaztu. Aurretik, baina, kultur eskaintzaren gaineko ikerketa jarriko du abian herritarrei galdeketa eginda.

Kultura Taldea sortu zuten Loramendi barruan udaberri inguruan –zabalik dituzte ateak–, eta dagoeneko lanean hasita dago. Elkarteak egiten duen kultur eskaintzaren gaineko ikerketa egingo du datozen asteotan. Horretarako inkesta egingo dute herritarren artean; batetik, posta bidez bidaliko dute inkesta hori datorren astean, eta bestetik, hainbat elkartetan utziko dute eskura –euskaltegia, Basotxo, gaztelekua…–. San Migeletako herri bazkarian ere banatuko dute "ahalik eta erantzun gehien jasotzeko".

Dantza entsegua eguenean

Era berean, hemendik eta Gabonak bitarteko ekintzak zehaztuta dituzte Loramendikoek. "Lehenengo helmuga San Migeletan izango dugu; talo txosna dugu aurten ere, baita Larrain dantza ere", diote bertako kideek. Larrain dantza gertatu eta jendea animatzen joateko entsegua egingo dute eguenean, irailak 27, Iturrigorri pilotalekuan (19:00).

Jaiak pasatutakoan ikasturteari helduko diote hainbat ikastaro antolatuta: Muxiko dantzak; jakien kontserbagintza; eta ahotsa zaintzen ikasteko saioak.

Bestalde, Toponimia Taldea bosgarren ibilbidea gertatzen dabil eta urte bukaerarako gertu izango dute: "Ikatza egiteko txondorrak eta txondorgileak izango dira protagonista" diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak