Mondragon Unibertsitateko fakultate berriak hartu ditu ikasleak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko irailaren 19a

Atzo, martitzena, hasi ziren Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako campus berrian. Ikus-entzunezkoen Komunikazioko lau mailetako ikasleak han daude dagoeneko, atzoko etxe-sartzearen ostean.

Goizean 1., 3. eta 4. mailako ikasleak hasi ziren. Arratsaldean, ostera, 2. mailakoak. MUko iturrien arabera, denek pozik ikusi zuten zein txukun geratu zen eraikina, eta zelako baliabideak izango dituzten komunikazioa lantzeko.

Dekanoaren ondo-etorria eta berbak

Jakin-minez estreinatu zuten ikasleek Aretxabaletako campus berria. Eraikin berritu eta dotorea, barrutik ondo atonduta. Nekane Arratibel Huheziko dekanoak egin zien ondo etorria eta azaldu zien zer-nolako oztopoak gainditu behar izan dituen unibertsitateak campus berria martxan jartzeko.

Mac ordenagailuen gela, goian, eta beste gela bat, behean.

Solairuz solairu

Ondoren, ikasleak solairuz solairu joan ziren eraikina bisitatzen: ikasgelak, areto nagusia, atseden lekuak, informatika gela, jangela, kafe makinak, irakasleen gela, edizio gela, irratia, liburutegia...

Oso inpresio ona

Oro har, MUtik adierazi dutenez, oso inpresio ona jaso zuten, eraikina oso ondo banatuta dagoelako, txukun, eta, gainera, baliabide asko eta onak izango dituztelako komunikazioa lantzeko.

Hondeatzeko makina iraulita, fakultatearen kanpoaldean.

Lan istripua

Aretxabaletako Bedarreta auzoan dago Muren campus berria. Eraikina berrituta, kanpoaldea, lorategia-eta, atontzen dihardute. Hain justu ere, lanean ziharduela istripu txiki bat izan zuen hondeatzeko makinarekin zebilen beharginak. Berau irauli egin zen. Baina, zorionez, langileak ez zuen kalterik jaso berau irauli zenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak