Joseba Egibar: "EAJ-k fidagarritasuna eskaintzen du eta euskal instituzioetan sinesten du"

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko irailaren 18a

Joseba Egibar jeltzalea Aretxabaletan izan zen atzo. Urriaren 21eko hauteskundeek duten garrantziaz hitzaldia eman zuen batzokian eta azpimarratu zuen EAJren ezaugarri nagusia fidagarritasuna dela.

Gipuzkoako Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar Aretxabaletako batzokian izan zen atzo, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen atarian.

Hauteskunde guztiak garrantzitsuak direla esan zuen Egibarrek baina urriaren 21ekoak garrantzitsuak izateaz gain, bereziak ere badirela azpimarratu zuen. Batez ere bi arrazoiengatik: alde batetik, autonomia erkidego honetan lehenengo aldiz ETAren indarkeriaren mehatxurik gabe osatuko delako legebiltzarra, eta bestetik, gizartea sufritzen ari den krisi ekonomikoagatik, Egibarren hitzetan.

Gaineratu zuen ekonomia eta gizarte ereduarekin datozen urteetan lan handia izango dutela eta hori ere jakinarazi zuen batzokian batu ziren pertsonen artean.

EAJ eta fidagarritasuna

Bestalde, Egibarrek azaldu zuen Eusko Alderdi Jeltzalearen ezaugarri nabarmenena fidagarritasuna eskaintzea dela: "Nik uste gure alderdiak eskaintzen duena dela fidagarritasuna. Euskal instituzioetan sinesten du".

Salatu zuen gainera, beste batzuk ez dutela sinistu instituzio horietan orain arte. Eta datozen hauteskundeetako lehia uste duela EAJ eta ezker abertzalearen artean egongo dela. Hauxe esan zuen Egibarrek: "Nik pentsatzen dut hauteskunde hauetan lehia dagoela EAJ eta ezker abertzalearen artean eta fidagarritasuna eta azken urteetako ibilbidea kontuan edukita, garbi dago estrategia horretan zeinek asmatu zuen. Bigarrenik, garbi dagoena da estrategi politiko militar batetan uztarketa hori landu, zaindu edo begiratu dutenek momentu honetan garai berri bati hasiera eman nahi diotela, baina denbora ez da alferrik pasatzen".

Etorkizunari begira, fidagarritasun hori EAJren eskutik datorrela esaten amaitu zuen Egibar jeltzaleak Aretxabaletan emandako hitzaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak