Cristobal Gutierrez: "Haurrekiko mugak gomendagarriak eta osasuntsuak dira euren hezkuntzarako"

Mireia Bikuña 2012ko irailaren 19a

Cristobal Gutierrezek haurtzaroari buruzko hitzaldia egingo du Aretxabaletako Arkupen, hilaren 19an, 18:00etan. Gutierrezek 31 urte daramatza helduen formazioan, eta 18 haurtzaroaren eta familiaren zaintzan. Kataluniako lehen bi eskola libreen sortzaileetako bat da Gutierrez. CAI Cuidado del Alma Infantil proiektuko arduraduna ere bada.

Azken aldian, haurren hezkuntzaren inguruko galderek izenburu bakarra dute: mugak, limiteak. Nola begiratzen da gai hau Haurraren Arimaren Zainketatik (CAI)? 

Gure haurrekiko mugak, gomendagarriak izateaz gain, osasuntsuak eta beharrezkoak dira beraien hazkuntzarako. Baina, helduok muga hauekiko hainbat zehaztasun ahaztu egiten ditugu: gure haurrari muga bat jartzeko arrazoia ez luke aspertu eta nekatu egiten gaituelako izan beharko. Hau alderdi garrantzitsua da, baina ez helbururik oinarrizkoena. Mugaren asmoa haurrak bere inteligentzia garatzea da, inguruarekin harremanetan ipintzeko duen gaitasuna ahalbideratzea eta bere onena ateratzea. 

Limiteak batu egin behar luke, banandu ordez. Hau da, gure azala, esaterako, gure barrualdearen eta kanpoaldearen artean muga garbia jartzen duen organoa da; horrela izango ez balitz, hil egingo ginateke. Dena den, azalak ez gaitu gure ingurutik guztiz babesten, kanpoaldearekin harremanak izaten uzten digu, eta kontaktuan mantentze hau atsegina izateaz gain, arriskurik ba ote dagoen antzemateko, besteak beste, beharrezkoa egiten zaigu. Hala bada, muga bat jartzeko ez da nahikoa aurrera egin ahal izateko jarraibide batzuk izatea. Pertsona helduari zera eskatzen dio: muga unerik aproposenean jartzea, intentsitate egokiarekin eta kanporatu ordez, integratuz. Hori guztiori, ezinbesteko maitasunaren eskutik, maitasunik gabe esaldirik hoberena hutsa da-eta.

Sakona da mugen gaia.

Hain zuzen ere, haurrak zaintzeko konplexutasun honek gure txikienen hezkuntza interesgarria eta ederra bilakatzen du, bizitzaren alderdi oso garrantzitsuak ulertzen eta gure jakinduria garatzen laguntzen digulako. Gure haurrek gure onena eta okerrena islatzen dute, horregatik beraien sintomak, gu heldu bezala hobetzeko aukera gisa hartzea lehen pausua da.

Haurrak gero eta gutxiago kontrolatzen dira; helduok oso galduta gaudela pentsarazi behar dugu?

Guri, helduoi, begiratu besterik ez dago mugen gaiarekin argitzen ez garela ulertzeko: neurridunak izan nahi dugu eta larregi eta gaizki hitz egiten bukatzen dugu; bestetan, gure bikotekidearekin eztabaidatu eta min egiten diogu, geure buruari ez egitea proposatu arren; gaixoak eta gizenak bihurtu arte, jan eta edan egiten dugu; alkoholarekin eta beste hainbat drogekin egiten diren gehiegikeriak arazo izaten jarraitzen dute. 

Oro har, gizateriaren handinahia hankaz gora dago, muga eskasiak hondaketak sorrarazten ditu eta gugan, besteengan eta elikatzen gaituen planetarengan mina eragiten du. Ez dakigu gure pentsamenduei, ikusiezinei, haserrealdiei, ezta beldurrei ere, mugarik jartzen. Horrela igarotzen ditugu gauak lorik egin gabe, norbaitek esan digunaren ondorioz arduratuta, gure buruari min egin arte. Mugen kontu honetan helduoi hobetzea falta zaigu. Gure haurrak hobetze bidean aukera bat dira, euren muga faltek gure gabeziak eta nahasketak islatzen dituzte-eta.  

Zer egin behar da orduan?

Horiek ongi hartzen diren erantzunak izan ohi dira, baina elbarritu egiten zaituztenak ere bai, pentsatzen eta norberagatik ekiten ez dutelako baimentzen. Imajinatu, futbol entrenatzaile bat garela. Ziurrenik bat egingo dugu entrenatzailearen jarduna ez dela egin daitekeena eta ezin daitekeena egin soilik esatea. Hori baino ez balitz izango, mundu guztiak balioko luke entrenatzaile ona izateko. 

Futboleko entrenatzaile batek beraien jokalariak zaindu beharko lituzke, batez ere  ezusteko uneetan jokaldi egokienak ikusi eta sortu ahal izateko, beraien potentzial eta gaitasunetan konfiantza izaten jakin dezaten, futbola ezustekoa baita. Jokalariak entrenatzean, mugak barne daude, baina baita beste hainbat ezinbesteko faktore ere. Argibide logikoak, baina une desegokian ematen dituen entrenatzaileari azkenean, ez zaio jaramonik egiten. Unean uneko, serio zein goxo jartzen ez dakien entrenatzaile batek ezin du egokiro bere lana bete. Beharrezko afektua erakusten ez duen entrenatzaileak ezin du bere jokalarietatik beraien onena atera.

Gure lana aita, ama edo zaintzaile bezala askoz garrantzitsuagoa, delikatuagoa eta sakonagoa da futboleko entrenatzaile batena baino. Bizitza futboleko txapelketa bat baino askoz konplexuagoa eta ustekabekoagoa da.

Gizarteak hau guztiak baloratzen du?

Egia da, baina horri guztiari erremedio bat jar diezaiokegu. Hala bada, aitaren, amaren edo zaintzailearen papera ongi bete nahi badugu, petatxuak jartzea baino zerbait gehiago egitea dagokigu, ideologiak eta teorikoak alde batera utzita. Guri, haur horien bihotzetara heltzea dagokigu; hauek zaintzea, mundu konplexu honetan ekiten eta moldatzen jakin dezaten, eta hau dena norberaren beldurrak, haserreak, ezinikusiak, ondoezak... ulertzeko jarrerarekin soilik lor daiteke, hori guztia gainean daramagun zama baita, egoera askotan, maitasunez, aurrera egiten uzten ez diguna. 

Haurren zaintzan mugen gaiak zati txiki bat baino ez du hartzen, garrantzitsua bai, baina zati bat baino ez. Sakondu ezazu bizitzan, eta honekin zure haurraren bihurrikeriei konponbidea emateaz gain, zu zeu ere berriztatu egingo zara, gainetik pisu handia eta estutasunak kenduko dituzu eta hainbesteko samintasunez oroitzen duzun alaitasuna bereganatuko duzu. 

Adibide bat ipiniko dizut. Jatorduetan zerbait jan eta jolastera joaten den umea daukagu. Jolasa utzi eta jatera joateko eskatzen badiogu, haserretu egiten da. Nola jar dezakegu praktikan zuk esandako guztia? 

Lehenik eta behin, haur txikiaren jolasteko desioa une horretan duen benetako beharra den antzeman behar dugu. Horrela bada, jolasten utzi beharko genioke, jolastea sarri, askoz osasuntsuagoa baita zure haurrarentzat, jatea bera baino. Alderantziz, geldi egon ezinik, urduri dagoelako jolasten hasten bada, atentzioa bereganatu nahian adibidez, orduan, besotan har dezakezu eta gauza maitagarriak esan. Arreta hori ematen badiozu, bost minututara lasaitu egingo da eta lasaitasunez jatea nahi izango du.

Baina denborarik ez badaukagu behar duen guztia emateko?

Ahal dugun maitasun guztia eman eta haurraren egonezinaren sustraia zein den ezagutzea komeni da. Bideetan ingeneria den lagun bat dut. Behin autopista bateko zubi bat eraikitzen zebilela bisita egin nion eta, hormigoiak jasan behar zuen prozesuaren garrantziaz hitz egin zidan: presarik gabe egin beharra zegoela, guztiz egin orduko pisua gainera jaurtitzen baldin bazitzaion, zubiak behera egingo lukeela. Gure seme-alaben haurtzaroa helduaroaren oinarria da. 

Oinarri horiek sendotzeko behar besteko denbora hartu behar dugu. Hala eginez gero, nagusia egiten denean entzuten jakingo du, presioak eramangarri egingo ditu, ez da guztiaz kexatuko eta irtenbide bat ikusiko du, ez dagoela iruditzen zaigunean ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak