Haurraren Arimaren Zaintza proiektuaren arduradun Cristobal Gutierrezek berbaldia eskainiko du

Mirari Altube Arrese 2012ko irailaren 14a

Maitasunaren eta mugen gainean jardutera etorriko da eguaztenean, hilak 19, Cristobal Gutierrez aditu katalana Arkupera (18:00). Hori baino lehen, astelehenean, hilak 17, erditze naturalaren gainean egingo du berba David Monterok Debagoieneko ospitaleko emaginak.

31 urte daramatza helduen formazioan eta 18 haurtzaroaren eta familiaren zaintza kontuetan Cristobal Gutierrezek. Kataluniako lehen bi eskola libreen sortzaileetako bat da, gainera. Haurraren Arimaren Zaintza –CAI Cuidado del Alma Infantil– proiektuko arduraduna ere bada.

Gutierrezek dio Haurraren Arimaren Zaintza hezkuntza metodo bat baino gehiago umeak abiapuntu dituen bide bat dela. Eta hala azaltzen du: "Umearen arima zaintzea ez da pedagogia eta ez da hezkuntza; baina arima zaintzen denean bai umeak, bai helduak hezi egiten dira. Psikoterapia ere ez da, ezta medikuntza ere, baina arimarekin kontaktuan egoteak dakarren lasaitasunari eta ulermenari esker baliteke arazo eta gaixotasun deritzogun horiek gutxitzea edo zergatik ez, desagertzea".

Hala, Gutierrezek uste du gurasoak beldur eta egonezin askorekin bizi direla seme-alabei dagokienean: ikasten duten edo ez, metodo hau edo hori hobea ote den… "Tentsioz beteta daude guraso horiek eta benetan zer den garrantzitsua antzematen ez diete uzten tentsio horiek", dio. Hortik abiatuta maitasunaren eta umeei ezartzen zaien mugen gainean jardungo du eguaztenean.

Erditze naturala berbetagai

Bestalde astelehenean, hilak 17, erditze naturalaren gaineko berbaldia eskainiko du Debagoieneko ospitaleko emagina den David Monterok. Arkupen da hau ere (19:00).

2007az geroztik egiten du lan Monterok ospitaleko Erditze Zerbitzuan eta etxeko erditzeetan laguntzen jarduten du erkidego osoan. Azalduko dituen artean daude: erditze naturala eta ohikoa zer diren; abantailak eta desabantailak; erditze naturalaren ezaugarriak ospitalean (bitartekoak, interbentzioak, mina zelan landu…) eta beste hainbat kontu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak