Iñurrategiren hurrengo erronka, Nuptse mendian

Goiatz Arana Begiristain 2012ko irailaren 13a

Alberto Iñurrategik erronka berria du eta, proiektu horretan, azken urteotako bidelagun Mikel Zabaltza eta Juan Vallejo izango ditu ondoan. Antartikako esperientzia aberasgarria alde batera utzi, eta mendizaleak dagokien tokira itzuliko dira, mendira. NATURGAS BBK NUPTSE 2012 da proiektu berriaren izena eta BAT Basque Team taldeko alpinistak Himalaiako Nuptse mendia (7.861m) igotzen ahaleginduko dira, alpetar estiloan. Astelehenean abiatuko dira.

Mendi horretako hegoaldetik, oxigeno barik, soka finko barik, garraiatzaile barik eta altuerako kanpaleku egonkorrik barik igotzen ahaleginduko da hirukoa; orain arte inork ez du Nuptsen halakorik egin.

Alpetar estiloaren aldeko apustua

2009. urteaz geroztik, Iñurrategi, Vallejo eta Zabaltzak Makalu mendia (8.463 m.), Hornbein korridorea (munduko gailurraren ibilbiderik latzena) edota Broad Peak delakoa (8.047 m.) eskalatzeko espedizioetan parte hartu dute Basque Team-en babespean.

Erronka horietan guztietan, alpetar estiloaren aldeko apustua ezinbesteko betebeharra izan da eurentzat: igoera garraiatzaileen laguntzarik gabe, soka finkorik gabe eta altuerako kanpamenturik gabe egitea.

Filosofia berari jarraituz, NATURGAS BBK NUPTSE 2012 espedizioak oso ezaguna ez den mendi bat hartu du helmugatzat. Mendi horrek ez du 8.000 metrotik gorako 14 gailurren erakargarritasuna, baina “anbizio handiko helburua irudikatzen du, zalantzagarritasun handikoa eta berebiziko motibazioa ematen diguna”, adierazi du hirukoak.

Nupse mendia Everestetik hegomendebalderantz kokatuta dago, hiru kilometro eskasera, eta hego hegaletik ikusita, bost kilometro zabaleko horma erraldoia da, goiko aldean bost tontor dituena, 7.700 metrotik gorako altitudean.

Nuptse mendia (7.861 m).

Hego hegaletik, behin bakarrik

Sei aldiz eskalatu da Nepaleko gailur honen tontor nagusia, eta behin baino ez hego hegaletik abiatuta, eta hauxe da, hain zuzen ere, euskal espedizioak gainditu nahi duen erronka. Aurrekaria 1961koa da, eta britainiar alpinista talde bat du protagonista, direnak eta ez direnak egin behar izan baitzituzten eskaladaren zailtasun teknikoak gainditzeko. Oraingoan, Iñurrategik, Vallejok eta Zabaltzak alpetar estiloari dagozkion mugapenak gaineratu nahi dizkiete orduko zailtasunei. Orain arte, Frantziako kordada bat besterik ez da saiatu, eta helmugatik 160 metro eskasera gelditu ziren.

Tontorreraino eramango dituen bideari dagokionez, NATURGAS BBK NUPTSE 2012 espedizioak ez du aurrez finkatu zein den zehazki erabiliko duten bidea. Mendiko baldintza aldakorren jakitun, Iñurrategi, Vallejo eta Zabaltza bide berri bat egiteko nahiz lehendik ezarrita daudenei aldaketak egiteko prest azaldu dira. Azken erabakia mendian bertan hartuko dute.

Nuptse mendiaren hego hegala.

Astelehenean abiatu

Hiru mendizaleak Madriletik abiatuko dira astelehenean, irailak 17. Hurrengo egunean Katmandura iritsiko dira, Nepaleko hiriburura, eta eguenean, hilak 20, beste hegazkin bat hartuko dute Lukla herrira heltzeko. Handik, bost eguneko trekking baten bidez, Chukumera iritsi eta kanpamentu nagusia finkatuko dute, 4.600 metroko altitudean.

Hara iritsitakoan, espediziokideek inguruko tontorretara egokitze igoera arinak egitea espero dute, eta prestaketa-aldia amaitutakoan, urriaren erdialderako Nuptseren igoerari ekiteko prest egongo direla uste dute. Horretarako, hiru aste izango dituzte, itzulera azaroaren 9rako finkatu baitute. 

Esperientzia zabala

Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968) 15 zortzimilako igo ditu, Juan Vallejok (Gasteiz, 1970) zortzi eta Mikel Zabaltzak (Iruñea, 1970) bi. Hiruren artean, esperientzia zabala bildu dute alpetar estiloko igoeretan, eta hau ezinbestekoa da espedizio honetan finkatu duten erronka latzari aurre egin ahal izateko.

Iñurrategi, Zabaltza eta Vallejo.

Estilo horretan eskalatu dituzte Shisha Pangmaren hegomendebaldeko hegala (8.027 m.), Lhotse (8.516 m.), Cho Oyu (8.201 m.), Lempo Gan (7.125 m.) eta Aconcaguaren hegoaldeko hegala (6.962 m.). Eta 2010ean, argi geratu zen alpetar estiloko hiruko kordada honen nagusitasuna, Broad Peak-en historia egin zutenean, bide berri bat irekiz eta hiru tontorrak zapalduz.

Babesleak 

Nuptseren hego hegalerako espedizioak, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabaltzaren aurreko edizioek bezalaxe, Basque Team Fundazioaz gain, Naturgas Energia eta BBK ere izango ditu babesle.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak