Jabier Muguruzaren kontzertuaren kronika: Bikote bat, mila sentsazio

Ander Monedero 2012ko irailaren 10a

Jabier Muguruzak 'Bikote bat' izeneko diskoa 2011ko urrian kaleratu zuen eta egubakoitz gauean abesti bilduma berri horren abestiak zuzenean aurkeztu zituen Aretxabaletako Zaraia aretoan. Muguruzaren azken lanetan bezala, abesten dituen hitzei garrantzia emateko, pianoak eta eskusoinuak lagunduta egin zuen kantaldia. 13 abestiz osatutako emanaldia izan zen, horietatik 10 lan berrikoak.

Muguruzak, lan berrian bezala, Mikel Azpirozen (Elkano Browning Cream) laguntza izan zuen. Bi musikariek konposatu zuten lan berriaren musika eta zuzenean ere batera aritzen dira, Azpiroz pianoarekin eta Muguruza ahotsarekin eta zenbait abestitan esku-soinuarekin.

Emanaldia hasteko, diskoaren lan berriari izena ematen dion abestia jo zuten: Bikote bat. Gero, Gosari jendetsua, Euria ari badu eta Arima lapurra abestiak jo zituzten. Lan berri honetako abestien hitzak zenbait idazle eta poetarenak dira: Harkaitz Cano, Gerardo Markuleta, Jose Luis Padron eta Iñaki Irazu dira kontzertuaren hasierako lau abestien hitzen sortzaileak. Honen ostean, bikoteak lan berri honetarako egindako abesti instrumental baten txanda izan zen: Jolasean. Bi musikariek giro paregabea lortu zuten, ikusleendako atmosfera intimo zein xarmangarria sortuz. Muguruzak taula gainean duen esperientziak giroa sortzen asko lagundu zuen, izan ere, musikari irundarrak abesti bakoitzaren testuingurua azaldu eta publikoarekin hartu-eman handia izan zuen, galdera jaurtiz eta parte hartzera gonbidatuz.

Lan berria ezagutzen ez zuten ikusleek Bikote bat diskoa ezagutzeko moduaz gain, Muguruzaren abesti zaharragoez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek: Bernardo Atxagaren hitzak dituen Mazisi okeita denbelek eta Beste nonbait abesti instrumentala jo zituzten. 

Gero lan berriaren abesti gehiago plazaratu zituzten eta emanaldiari amaiera emateko 1997an kaleratutako Aise laneko Benino edo Benito abestia eta lan berriko Paradisurako jaioak gara abestiak jo zituzten. Azken hau jotzen hasi aurretik "...eta merezi dugu gure paradisu txiki hori!" gogorarazi zuen Muguruzak. Atxagak egindako letrak askatasunaz eta bizitzaz gozatu beharra ekarri zituen gogora. Bukaeran, nahiz eta Zaraian ikusle asko ez izan, pozik bukatu zuten irundarrak eskainitako ikuskizun intimo eta goxoarekin.

23 urte bakarlari lanetan

Muguruzak txikitatik du musikarako zaletasuna eta baita talentua ere. Bost urterekin hasi zen akordeoia jotzen eta bi urte beranduago Europako Txapelketa eskuratu zuen. 80ko hamarkadan, Kortatu, Xabier Lete eta Antton Valverderekin lan egin ostean, 1989an bakarlari gisa hasi eta ordutik 12 disko kaleratu ditu.

Hori gutxi balitz, beste musikari batzuekin lan egiten jarraitu du eta bederatzi liburu idatzi ditu, gehienak gazteei zuzendutakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak