Goiz partean trikitilariek egingo diete lagun erosleei, eta 11:00etan hasita jolasak izango dituzte umeek; baita puzgarriak ere. Arratsaldean, ostera, Bixentak taldeak doinu mexikarrekin girotuko du azoka.
Hori horrela, orain arteko merkealdien azokarik borobilena izango dela iragarri dute Aretxarteko kideek. Izan ere, ordutegia luzatu eta goizago zabalduko dute azoka, 09:30ean; girotzeko ekitaldi eta sari gehiago iragarri dituzte; eta postu mordoa izango dira, 16 guztira. Hona elkartuko direnak: Martin oinetakoak; Zubia; Zare; Haurrak; Kilima; Asensio; Belar Meta; Titare; Amaia; M5; Txilarra; Kioskoa; Gertu; Brasileña; eta Aretxabaleta Kirol Elkartearen postua –2012-2013 denboraldiko bazkide txartelak banatuko dituzte bertan–. Eta herriko hiru tabernen artean, Orly, Akorde eta Eguzki, postu bakarra jarriko dute edatekoa eskaintzeko.
Gainera, azoka itxi aurretik (19:30) bi sari berezi zozketatuko dituzte bezeroen artean.