Areantzakoek Mendiolakoen aurka futbol partidua jokatuko dute irailean

Mirari Altube Arrese 2012ko uztailaren 28a

Areantzan ospatzen dituzten Agorreko Andramaixetan futbol partidua jokatuko dute aurten: areantzarrak mendiolarren aurka. Irailaren 8an izango da eta 1950ean jokatutakoa gogoratuko dute horrela.

Areantzan sasoi bateko partidua dute gogoan: "Areantzarrek gogoan dute, Uxerrin, 1950ean mendiolarren kontra jokatu zuten futbol partidua; hura gogoratuz, aurten jaietan norgehiagoka hori errepikatuko dugu".

300 pezetako baloia

Mendiolako mutilak, auzoan futbol zelaia izanda, oso futbolzaleak ziren: "Askotan jokatu zuten Bolibarren, Garagartzan, Ibarran bertan ere bai", diote antolatzaileek.

Areantzan, ostera, Jose Mari Madinabeitia izan zen partidua antolatu zuena: "Baloia erosterakoan, Gasteiztik errekadistak ekarri zituen hiruretatik narruzkoa aukeratu zuten", diote, eta gaineratu: "Barruko puxika puztu ondoren, barrura sartu eta eztenarekin lagunduta sokaz josi behar izaten zen. Korapiloa kanpoaldera gelditzen zen eta jotzerakoan izugarrizko zartakoa ematen zuen". 300 pezeta, garestia orduan, ordaindu zituzten mutilen artean "eskote eginez", gaztetxoenek gutxiago eta nagusienek gehiago jarrita.

Areantzako jokalariak izan ziren: Andiko Felis, gazteena, Garaiko Emeterio; Ardantzako Anastasio "baloia zer zen zekien bakarretakoa", Jose Ramon eta Patxi, atezaina; Intxaurbeko Patxi eta Antonio –gaztetan hil zen, kirolari petoa–; eta Jose Juakineneko Jose Mari –guztiaren dinamizatzailea– eta Jose Luis. Eta Mendiolakoak: Uxarteko Felipe eta Santi; Elixako Seberiano; Olaben Felix eta Isidoro; Arriolen Juan Luis; Txaren Luxiano eta Jose Mari; eta Peñakuloko Luis.

Ardoa jokoan

Areantzarren eta baloiaren arteko beroaldiak bi edo hiru urte iraun zuela diote: "Partidu garrantzitsuena hura izan bazen ere, lautada non, hantxe baloiari ostikoka ibiltzen ziren". Mendiolan jokatu zuten, baita Atxurdingo edo Marrukuen zelaietan ere, eta Siontzan ere bai, San Antonio egun batez: “Lagun artean jokatzen zen eta ardo apur bat jarri jokoan, baina azkenerako berotu, irabazi egin gura izaten zen-eta” diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak