Iker Azkoitia: "Ikusleari pentsaraztea eta zirrara eragitea lortu dugula ikustea zoragarria da niretzako"

Maider Arregi 2012ko abu. 25a, 02:00

Iker Azkoitia gidoilaria, aktorea, zuzendaria eta kantautorea da. 24 urteko aretxabaletarraren talentua ez da oharkabean pasa eta genero indarkeria gaitzat duen Libre dokumentalagatik hainbat zine jaialditan aipamena egin diote; baita sariak eman ere. 16 laguneko lantaldeaz eta 700 eurorekin bost egunean egin ditu grabazioak Madrilen. Egun, Madrilen bizi da Azkoitia.

Lehen dokumentala aurkeztuta.

Libre fikziozko nire lehenengo film laburra da. 700 euro bildu genituen ekoizpenaren zuzendariak, Natalia Sprengerrek, eta biok; Eden Comunicacion enpresaren laguntza ere izan genuen.  Ekoizpen lan izugarria egin du Nataliak, eta argazki zuzendariaren kamerekin aurrera egin genuen.

Bost egunean lana amaituta?

Bost egun ikaragarriak, baina baita nekagarriak. 6 ordu lan egin ondoren, gauean 10 orduko grabazioa egin genuen; hurrengo egunean beste 6 ordu lanean, berriro grabatzera. Bi asteburu ia lo egin gabe... Hala ere, lantalde guztiak primeran lan egin zuen, euren hoberena momentu bakoitzean emanez, nahiz eta  nekatuta egon.

Genero indarkeria oso modu sutilean landu duzu. Gogorra izan da?

Ez zait gogorra iruditu, zaila baizik. Indarkeria matxista oso gai minbera izanda, errespetu guztiarekin istoriora eta pertsonaietara modu zuzen eta errealistan hurbiltzen ahalegindu naiz. Indarkeriari buruz ikusi ditudan istorio guztiak emakumearen perspektibatik azaltzen dituzte. Nahiago izan dut istorioa zergatien eta ondorioen artean eraman. 

Soinu banda ere egin duzu. Baita gidoilari, zuzendari, aktore lanak… Hori ere baloratu dute, ezta?

Nire ustez, hori izan da gehien baloratu dutena. Nire lehen proiektu honetan lau lan ezberdin aurrera eramaten ahalegintzeak asko harritu eta aldi berean gustatu egin zaie zinemaldietako epaimahaiei. Prozesu guztiaren parte izanez, izugarri hazi eta ikasi dut proiektu honekin. 

Zein sari jaso dituzu?

Hiru lagunen artean egin dugun distribuzio lan astunaren ondoren, bi sari jaso ditugu: beste ehun bat proiekturen artean, guretzako izan da sari nagusia XII. CMU Santa Maria de Europa lehiaketan; eta sari finalista Euskal Film Laburren IV. Huhezinema Lehiaketan. Poztasun handia izan da nire herriko kultura etxean sari bat jasotzea. Film laburra beste sei zinemalditako sekzio ofizialetan izan da hautatua eta Zinevascoren IV. Mostran eta Clermont-Ferrand film laburren nazioarteko merkatuan ere hartu du parte Libre-k.

Ze sentsazio dituzu?

Sentsazio ugari izan ditut urte honetan. Sekulako lana dauka proiektu bat zutik jartzeak; 16 pertsona eta tresna guztiak biltzea, dena antolatu eta helburu bererantz zuzentzea, musikaren konposizioa eta grabazioa, post-produkzio eta distribuzio lanak, webgunea egitea... Sekulako lana eginda, gauzarik ederrena jendearen erantzuna jasotzea izan da. Ikusleari pentsaraztea eta zirrara sartzea lortu dugula ikustea zoragarria da. Ahalegin guztiek guztiz balio dute.

Moebius Films sortu zenuen. 

Moebius Films nire lagun eta baita aktore-zuzendari Marta Arrabal eta Natalia Sprenger-ekin sortu genuen iaz. Ikus-entzunezko sektorean lan egiteko aukerak hain zailak direla ikusita, guk geuk sortzea erabaki genuen. Gure antzerkia eta ikus-entzunezko lanak aurrera eramateko gogor lan egiten hasi ginen.

 

Gidoigilea, zuzendaria, aktorea eta kantautorea… nondik ateratzen duzu denbora denerako?

Buruhaustea dirudi! Jendeak esaten dit zerbait hautatu behar izango dudala... Hainbeste gauzarekin aurrera joatea ezinezkoa dela; denboragatik. Oraindik ez diet sinetsi nahi. Ni guztiz zoriontsua naiz istorioak edo pertsonaiak sortzen, edozein espresio bide erabiltzen. Hola edo hala egin daiteke; zergatik nik neure burua mugatu?

Zein da talentu berrien egoera?

Ezagutzen dugun kulturarentzako, denbora eta egoera guztiz txarra bizi izaten ari gara. Baina positiboki begira diezaiokegu etorkizunari. Sektorea poliki-poliki aldatzen eta berritzen ari da. Internet komunikabide zuzen, merke eta pertsonala da, nire ustez; ikusleak benetan nahi duena erraz kontsumitzeko primerako aukera dauka. Horregatik, talentu berriok aukera asko lor ditzakegu, ekoizpen, distribuzio eta kontsumo era berriei gogor eusten badiegu.

Zei arlotan, diziplinatan sentitzen zara erosoen?

Aktore moduan jaso dut formazioa, Bilbon eta Madrilen. Aktore sentitzen naiz eta antzezle profesional gisa lan bila nabil. Musika barruan daramat, egunero kantari nabil, baina musikatik bizi izatea ez da nire helburua. Gidoilari eta zuzendari lanak eginda asko gozatu dudan arren, aktore lana nahiago dut. Hala ere, ez dut ate bakar bat ere itxiko, denerako nago-eta prest!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak