Lehen aldia da matematiken lehiaketa batera aurkezten zarena?
Bai. Lehen aldia da horrelako lehiaketa batera aurkezten naizena.
Nork bultzatu zintuen lehiaketa honetan parte hartzera?
Egun batean, irakasleak lehiaketa honen berri eman zigun, eta lehen lauren saria oso ona zela iruditu zitzaidan eta parte hartzea pentsatu nuen, parte hartzeagatik ere ez nuen-eta ezer galtzen.
Ikasgelako guztiek hartu zenuten parte?
Ez. Irakasleak ikasgelako guztiak animatu zituen, baina nire ikasgelatik bostek eman genuen izena, eta lehiaketa bik bakarrik egin genuen.
Nolako lehiaketa da?
Lehiaketa horretara joan aurretik, gure ikastetxean matematikako azterketa bat egin genuen, eta, azterketa horren arabera, Donostiako azterketara joan zintezkeen. Nire ikasgelatik bostek egin genuen ikastetxean azterketa eta Donostiako lehiaketara bi bakarrik joan ginen. Donostiara Gipuzkoa osoko 99 ikastetxetako ikasleak joan ginen. Donostian azterketa egin genuen. Lau ariketako azterketa izan zen eta bi ordu eman zizkiguten hura egiteko. Azterketak logikako bi ariketa eta bi buruketa zituen.
Zer izan zen lehiaketako errazena eta zailena?
Egia esan, azterketako lehenengo ariketa nahiko erraza zen, logikakoa baitzen. Zailena, aldiz, hirugarrena egin zitzaidan. Buruketa luze bat zen eta lursail bateko zati baten neurria kalkulatu behar zen emandako datuak kontuan hartuta.
Zein izan zen saria?
Bi sari eman zizkidaten hamargarren sailkatua izateagatik. Alde batetik, diploma bat; eta beste alde batetik, Elkar liburu-dendan gastatzeko 50 euro. Saria Gasteizen eman ziguten.
Nola sentitu zinen saritua izanda?
Lehiaketa hau egiteko izena eman nuenean ez nuen pentsatzen ezer irabazteko aukera izango nuenik, baina badaezpada izena eman nuen. Ikastetxera deitu zuten eta niri ikastetxetik deitu zidaten hamargarren sailkatua izan nintzela esateko. Ez nuen espero, baina albistea pozik hartu nuen.
Matematika gustuko duzu? Zergatik?
Egia esan, matematika beste edozein irakasgai baino gehiago gustatzen zait, eta ez dakit zein den arrazoia. Dakidana da betidanik gustatu izan zaidala; agian, horregatik izan daiteke.
Zaila egiten zaizu matematika?
Ez. Normalean beti atera ditut nota onak matematikan, eta gustatzen zaidan gauza bat denez, ez zait zaila egiten.
Zer da matematiketatik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Egia esan, ariketak egitea gustatzen zait. Izan ere, teoriako azalpenak ez zaizkit gustatzen.
Matematikako ikasketak egingo zenituzke? Zergatik?
Ez. Egia esan, ez nuke matematikari izan gura. Nahiago nuke beste ikasketaren bat egin.
Zergatik gorroto du jendeak matematika?
Jende askok irakasgai bat delako gorroto du matematika. Ikasle batzuek, gainera, nota txarrak ateratzen dituzte, eta, hori dela eta, ikasgai hori gorroto izaten dute.
Matematikako beste lehiaketaren batean parte hartzeko asmorik?
Oraingoz, ez dut horretan pentsatu, baina, aukera ematen badidate, agian, hartuko nuke parte.
Animatuko zenuke jendea lehiaketa honetan parte hartzera? Zergatik?
Ba, bai. Nik neuk ere ez nuen espero saririk irabaztea, eta izena eman nuen. Horrenbestez, jendea parte hartzera animatuko nuke; izan ere, izena emateagatik ez da ezer galtzen.