Andramaixetan, zer daukagu?

Mirari Altube Arrese 2012ko uztailaren 27a

Hamabost egun pasatxo besterik ez da geratzen Andramaixetarako, eta Kultura Sailak gertu dauka egitaraua; egunotan, hain zuzen, egitarau hori. Kale antzerkiak eta kontzertuak izango dira protagonista, eta Txinako akrobaziak nobedade. 

Iaz legez, Gazte Ekimeneko kideek emango diete hasiera jaiei abuztuaren 13an, astelehena, Nafar Eguna ospatuta. Udalarekin elkarlanean zehaztu dute txosnaguneko egitaraua, eta ekitaldi mordoa iragarri dituzte: gazte afaria hilaren 14an; dantzaldia Gozo-Gozo taldearekin, 15ean; preso eta iheslarien aldeko bazkaria; eta Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua, 17an. Horrez gain, Koadrilen Eguneko jolasak girotuko dituzte.

Antzezlanak eta akrobaziak

Jaiei hasiera ofiziala emango dien ekitaldia abuztuaren 14an izango da (19:00): ikurrinari agurra, alkate txikiak izendatzea eta txupinazoa. Aurtengo alkate txikia izango da Axel Armendia eta ordezkoa, Irati Gartzia. Orduan sartuko dira aretxabaletarrak bete-betean jaietan. Ikuskizunez betetako lau egun izango dira, ume zein helduendako: Azkona taldeak Natura gara lana eskainiko du eta Valentziako Scura Splats taldeak Corral-caos kale animazioa, biak Andramari egunean; Zirika Zirkus taldeak Zirika zirkaos eskainiko die txikienei Koadrilen Egunean; eta aurtengo nobedadea Txinako akrobaziak izango dira, hilaren 16an.

Chongqing Circus taldeak 40 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta hamaika lagunek osatzen dute egun. Debagoieneko estreinaldia egingo dute gurean, eta ondoren Arrasate eta Oñatira joango dira. Malabarismoak, kandelak dituztela bihurritzeak eta loreontziekin oreka jolasak eskainiko dituzte, beste hainbat akrobazia batzuekin batera.

Hainbat eratako kontzertuak

Kontzertuen egarria asetzeko, ostera, doinu ezberdinak lantzen dituzten taldeak datoz: euskal kantu ezagunak ye-ye eran interpretatuko ditu Lapurdiko Sparteens taldeak eta punk-rock doinuak ekarriko ditu Elorrioko Iheskidek, hilaren 14an; Aiora Rementeria buru duen Zea Mays eta rock eta metalaren arteko nahasketa egiten duen Governors izango dira Andramari egunean; eta Bilboko punk talde historiko MCD eta herriko taldeak, hilaren 16an. Koadrilen Egunean, ostera, egun osoan izango da musika: batetik, Baralde txaranga; bestetik, Jamu talde senegaldarraren batukada; eta bukatzeko, Zopilotes Txirriaos nafarraren tex-mex doinuak txosnagunean.

Ohiko ekitaldiak

Horiekin guztiekin batera, ezin ahaztu ohiko ekitaldiak: mus txapelketa; elizbira; meza nagusia udalbatzako kideak bertan direla; Leintz bailarako 74. txirrindulari lasterketa; profesionalen arteko pilota partiduak; sokamuturra; eta herri bazkaria.


Egitaraua egunez egun

 

Abuztuak 13, astelehena

  •  18:30, Txupinazoa (ondoren, murala).
  • 19:30, Ginkana musikatua.
  • 22:00, Nafar karaokea.
  • 23:30, Revolutionary Brothers taldearen kontzertua.

 

Abuztuak 14, martitzena

  • 16:00, kanpai jotzea, jaiei hasiera emateko.
  • 16:30, 33. Mus txapelketa, Herriko Plazan. Izena ematea: 20 euro (15:45- 16:15).
  • 17:30, Apar festa, Arlutzeko kantxan. Bainujantzia jantzita ekartzea gomendatzen da.
  • 19:00, Jaien hasiera ofiziala: ikurrinari agurra Aretxabaletako Abesbatzarekin eta Leizarra musika eskolako dantzariekin, udaletxe aurrean. Alkate txikiak eta alkate txiki ordeak pregoia irakurri eta txupinazoa botako dute.
  • Jarraian, buruhandien kalejira Basauriko gaiteroekin.
  • 19:30, Kale animazioa, txosna gunekoen eskutik.
  • 20:00, Salbea, Andra Mari parrokian, Aretxabaletako Abesbatzarekin.
  • 21:00, Gazte afaria, txosna gunean.
  • 22:30, The Sparteens eta Iheskide taldeen emanaldia Herriko Plazan.

 

Abuztuak 15, eguaztena

  • 10:00, diana herriko txistulariekin.
  • 11:00, Pilota Partidak, herriko pilotari gazteen artean, Iturrigorri frontoian.
  • 11:45, Elizbira.
  • 12:00, Meza nagusia. Udalbatza bertan izango da eta, elizkizunaren ostean, txistulariek joko duten Alkate soinuaz lagundurik aterako dira parrokiatik.
  • 12:00, Natura gara antzezlana Azkona taldearen eskutik, Herriko Plazan.
  • 13:00, Milagroko musika bandaren emanaldia Durana kalean.
  • 17:30, euskal parkea. Euskal puzgarriak, Iralabarri plazan.
  • 17:30, Street boulder musikatua, txosna gunekoek antolatuta.
  • 19:00, Scura Splats taldearekin Corral-caos kale animazioa.
  • 22:30, Zea Mays eta Governors taldeen emanaldia, Herriko Plazan.
  • 00:00, Dantzaldia Gozo-gozo taldearekin.
  • Ondoren, kaltzontzillo, kulero eta tanga lasterketa

 

Abuztuak 16, eguena

  • 10:00, Leintz bailarako 74. txirrindulari lasterketa.
  • 12:30, Zirko tailerra, Herriko Plazan.
  • 14:30, Preso eta iheslarien aldeko bazkaria, txosna gunean.
  • 18:00, Txinako akrobaziak.
  • 19:00, Tumbata batukada kaleetan zehar.
  • 22:30, Luhartz musika taldearen emanaldia Herriko Plazan.
  • 22:00, Pilota partidu profesionalak, Iturrigorri frontoian. Sarrera 10 euro.

Rico IV - Aretxabaleta
Tainta - Untoria

Berasaluze VIII. – Ibai Zabala
Saralegi – Albisu

  • 00:00, MCD taldearen kontzertua eta herriko taldeen emanaldia, txosna gunean.
  • 02:00, Sekreto Iberikoa, txosna gunean.

 

Abuztuak 17, egubakoitza

  • 11:00, Diana, herriko txistulariekin.
  • 11:30, Sokamuturra, Durana kalean.
  • 12:00, Baralde txarangaren etorrera.
  • 12:30, “Zirika zirkaos” antzezlana Zirika Zirkus taldearen eskutik, Herriko Plazan.
  • 14:30, Herri bazkaria: paella erraldoia eta “Té de los puertos”, doan, Herriko Plazan, Santanderko “Paellas Gigantes Vicente Quintana”ren eskutik (Paella bukatu arte banatuko da, baina, norberak ekarri beharko ditu ogia eta edaria).
  • Bazkalostean, gaztetxoentzako eta nagusientzako jolasak plazan.
  • 15:30, Arikar tailerrak, Herriko Plazan.
  • 17:00, Baralde txaranga kaleetan zehar.
  • 18:00, Sokamuturra, Durana kalean.
  • 19:30, buruhandi eta erraldoien kalejira, Baralde txarangarekin batera.
  • Ondoren, egunean zehar herria gehien animatu duten koadrilen artean sari banaketa egingo da

Sariak:

  • 16 urtetik gorakoak

1. saria: 300 euro

2. saria: 180 euro

3. saria: 120 euro

4. saria: 60 euro

  • 16 urtetik beherakoak

1. saria: 100 euro

2. saria: 70 euro

3. saria: 60 euro

4. saria: 50 euro

  • 20:30, Jamu taldearekin batukada, kaleetan zehar.
  • 21:30, Baralde Txaranga kaleetan zehar.
  • 23:00, Senegaleko JAMU taldearen ballet emanaldia, Herriko Plazan.
  • 00:00, Zopilotes Txirriaos taldearekin dantzaldia, txosna gunean.
  • Ondoren, Txinoko Katuaren banaketa txosna gunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak