Ohiko osoko bilkura egin zuen atzo, hilak 23, udalbatzak eta 2011ko kontu orokorrak onartu zituen. Udalaren jabetzakoak diren etxebizitza bat, Durana kaleko 31. atartean dagoena, eta Zainduz gimnasioa saltzeko tramiteei hasiera eman zien; irailean jarriko dituzte salgai biak. Aho batez onartu zituzten gaiok elkartutako 11 kideek.
Denbora, baina, galdera eskaeren atalari eskaini zioten, Aralarrek hainbat kontu argitu gura izan zituelako.
Batetik, Andramaixen gainean herrian ibili diren hainbat zurrumurruren gainean galdetu zion Inaxio Garrok: "Jai batzordeak egitarau bat adostu ondoren, alkateak beste gestio batzuk egin eta horrek egin duela aurrera esaten da, nahiz eta garestiagoa izan".
Ana Bolinaga alkateak eta Zigor Quintanilla kultura zinegotziak argitu zuten jai batzordearen proposamena lotu barik zegoela, izan ere, proposamena besterik ez zela: "Neu joan nintzen beste proposamen bat mahai gainean jartzera eta horren gaineko azalpenak ematera batzordera", argitu zuen alkateak eta gaineratu: "Egia da jende gutxi egon zela bilera horretan, baina guztiek iritzi zioten hobea zela nik aurkeztutakoa eta horregatik egin zuen aurrera". Onartu zuen gainera, BEZ ez zutela kontuan hartu aurrekontuan, horregatik 3.000 euro gehitu behar izan direla. Hala ere, iazko aurrekontuarekin alderatuta ia %20ko jaitsiera izan duela esan zuen.
Portasolgo jaietan 5.500 euro
Bestetik, Garrok aipatu zuen Portasolgo jaietarako 2.000 euroko diru-laguntza adostu arren, beste ekitaldi batzuk gehitu zirela gero, tartean Arkada Social taldearen kontzertua, eta galdetu zuen ea guztira 5.500 euro gastatu ziren: "Hala bada askotxo pentsatzen zaigu", bukatu zuen.
Alkateak erantzun zion "gazteek duten leku faltari" erantzun gura izan ziotela Portasolen antolatutako kontzertuekin: "Herrian musika talde asko daude, eta lekurik ez entseguetarako eta jende aurrean jotzeko. Horregatik ondo inbertitutako gastua dela deritzot".
Aurrera begira lokalak intsonorizatu gura dituztela horretarako gaineratu zuen, eta orain hainbat talderen entsegu lokala den kuartel zaharraren egoera aztertzen dabiltzala: "Ikerketa teknikoa egiten dabiltza Hirigintzako kideak, bertako arriskuak zehaztu eta itxi behar bada zergatiak jakiteko. Gero erabaki beharko da inbertsiotan sartu gura dugun edo ez". Gazteek "alternatibak" behar dituztela argi utzi zuen eta horren bidetik "zenbait ideia landu beharra" dagoela.
Tarragonara irailean
Irailean Tarragonara bi lagunek egingo duten bidaiaren gainean ere galdetu zuen Aralarrek. Alkateak jakinarazi zion estatu mailan egiten den "antzerki erakusketa handiena eta indartsuena" dela Tarregakoa (Tarragona) eta antzerki munduan aditua den Iurgi Etxebarriak gomendatuta joango direla, jakinik Arkupe kudeatu beharko duela Udalak laster: "Herri ekimen horretan dabil Iurgi, bultzatzen eta gidaritza hartzen, beste batzuekin batera, eta horregatik joango gara biok. Ikusi eta ideiak jasoko ditugu, eta gero promotoreekin harremanetan egoteko bide egokia dela uste dugu". Eta gaineratu zuen gastua ez dela handia, Udal eta erakundeetako ordezkariek prezio bereziak dituztelako: "Zenbat izango da ba, 100 euro?".
Informazio falta
Aralarrek bukatzeko informazio falta handia dagoela bota zion alkateari, tartean mankomunitateko, industrialdeako eta Goienako batzarretako aktarik ez dutelako jasotzen. Bolinagak erantzun zion bidean trabak jarri beharrean deitu eta galdetu besterik ez dutela zerbait jakin gura dutenean. Dena den, onartu zuen aipatutako batzarretako akten berri ez dutela eman eta hori zuzentzeko asmoa agertu zuen.