"Iaz martxotik hasi eta azarora bitartean astebururo egon zen okupatuta, eta abuztuan ere joaten da jendea", adierazi du Murrukixo Mendi Elkarteko presidente Iñaki San Migelek, Xati-k: "Egia da eguraldi oso txarra egiten badu jendeak atzera egiten duela, baina bestela, astebururo jendea egoten da".
Joan den astean bertan hasi zituzten lanak: "Bueno, gauzak apurtzen ondo moldatzen gara, eta lan horiek herritar koadrila batek egin ditugu. Pozgarria izan da ikustea jendea laguntzeko gertu zegoela; astelehenean, esaterako, zortzi lagun ibili ginen beheko sua kentzen, eta teilatua botatzen. Eta, egunotan hasiko dira langileak gainontzeko lanak egiten, beheko su berria jarri, eta teilatua egiten".
7.000 euroko aurrekontua
Leixargarateko aterpea berritzeko Murrukixoko lagunek 7.000 euroko aurrekontua dute: "Beheko sua erosten 1.300 euro erabiliko ditugu, saltzaileak adierazi digu erositako beheko suak 80 metro koadro berotzeko gaitasuna daukala eta aterpeko gure aldeak 50 metro koadro inguru ditu". Hala, garai batean baserri edo aterpeetako beheko suak norberak egiten zituen, baina orain fabrikatik eginda datozenak erosi behar dira: "Ezaugarri jakin batzuk izaten dituztelako, derrigor bete beharrekoak. Hala, hor ere denetariko prezioak daude, oso garestiak ere badaude, baina guk hartu dugunarekin nahikoa dugu".
Beheko suarekin batera, gastu handiena teilatu berriaren izango da. "Azken urteotan ura sartzen zen barrura, eta aterpetxearen gainbehera askoz ere nabarmenagoa izan da. Iaz hortxe-hortxe egon ginen lanok hasteko, baina orain heldu diogu kontu honi. Gainera, egoera txarraz jabetuta geroago eta jende gutxiagok erabiltzen zuen aterpea, eta horregatik erabaki dugu luzaroago ez itxarotea". Teilatu berria jartzerakoan, besteak beste, geruza iragazgaitz bat jarriko dute, Leixargaraten neguak gogorrak izaten direlako: " Geruza horrek bi funtzio izango ditu, batetik, euria aterpe barrura sartzea ekidingo du, eta bestetik, aterpe barruan ez da kondentsaziorik sortuko".
Ondoren, txukunketa lanak
Teilatua konpondu ostean, gainontzeko lanak aterpea txukuntzeko izango dira: "Armairu handia kendu egingo dugu leku handiago irabazteko, eta lo egiteko ohatzeei berniza emango diegu. Horrekin batera, han dauden bi mahaiak ondo daude, baita zorua ere. Eta, sukaldea ere oraindik erabiltzeko moduan dago. Duela hamabost urte inguru jarri genuen zoru berria eta beheko sua; azken hori erabat apurtuta zegoen, baina zoruko baldosak oso ondo daude, hor ez dugu lanik egingo".
Besaide Mendi Elkarteak azken urteotan egin dituen berrikuntza lanen ostean Aretxabaletako aldea ere oso txukun geratuko da irailetik aurrera: "Langileek esan digute 15 egun beharko dituztela euren lanak egiteko", eta lanak ondo bidean, dagoeneko astebeteko lanak eginda izango dituzte. "Aurreikuspenak betetzen badira, uztaila amaitu orduko langileek amaituta izango dituzte euren lanak, eta ikusteko dago abuztuan zenbat aurreratu ahal izango dugun. Gutako gehienok oporrak hartuko ditugu, baina baliteke herrian geratzen direnek lan batzuk aurreratzea". Barrutik margotzea izango da hurrengo pausoa, "Eta hori eginda iraileko lehenengo astean aterpea erabilgarri egongo da".
Aterpe kanpoaldea ere txukuntzeko lanak egin dituzte: "Besaide Mendi Elkartekoek hartu zuten lan hori. Komuneko mantenu-lanak eta halakoak eurekin elkarlanean egiten ditugu, eta negurako egurra ere eurekin batera erosi dugu. Orain, asmoa da entresaka bat egitea, eta negurako egurra bertatik lortzea.
Aizkorri-Aratz parkean
Leixargarateko aterpea Aizkorri-Aratz parke naturalean dago, Alabita aldamenean du, eta bertan Debagoienean horren urriak diren pagadiez gozatu ahal da, baita mendi ibilaldi ederrez ere. Degurixako zelai paregabeak esku-eskura daude, eta baita Kurtzebarri, Aitzorrotz edo Elgeako inguruak ere: "Ikusteko dagoena da parke natural barruan egoteak zelan eragingo gaituen", dio Xatik.
-----------------
Auzolanean egindako lana: Murrukixo Mendi Elkarteak kudeatzen du Leixargarateko aterpetxea, eta, konponketak egiteko aurrekontu mugatua izan badute ere, lan asko auzolanean egin izanak asko merketu du dena: "Pozgarria izan da ikustea jendea laguntzeko gertu zegoela. Teilatua bota, beheko sua kendu... Halako lanak guk egin ditugu, eta ondoren txukuntze lanak ere gure kontu izango dira, baita aterpetxea barrutik margotzea ere. Ahoz aho zabaldu da Leixargarate konpondu behar genuela, eta jendeak interesa erakutsi du". Poztekoa, garaiotan.
