10 bat urtean auzoko jairik antolatu barik egon eta gero iaz berreskuratu zituzten, eta auzotarrek harrera bikaina egin zieten. Hori jakinik, iazkoaren bidetik antolatu dituzte aurtengoak. Hala, umeek ekitaldi mordoa izango dituzte, tartean erraldoi eta buruhandien kalejira; jolas parkeak hiru gunetan; eta poniekin eta zekorrekin jolasak. "Berrikuntza tirolina da; arazotxo batzuk izan ditugu pentsatutako lekuan jartzeko, baina zerbait egingo dugu", diote.
Kontzertuei dagokienez hainbat eratako doinuak izango dira gaur eta bihar gauean. Arkada Social arrasatearrek eta herriko taldeek rock doinuak ekarriko dituzte; Una noche sin Sabina taldeak kantu lasaiagoak; eta Krossko taldeak disko doinu dantzagarriak. Horiekin batera pintxo potea, mus txapelketa eta kalejirak izango dira. "Su artifizialak botako ditugu, gainera; Ibarra kiroldegi pareko zelai inguruan izango dira", argitu dute.
Eskerrak auzotarrei
Udalaren laguntza izan dute jaiok antolatzeko; baita auzotarrena ere: "Eskerrak eman gura dizkiegu dirua eman diguten guztiei, baita antolatutako zozketetan parte hartu dutenei ere, eta zelan ez, jai egunotan gure artean ibiliko diren guztiei", jakinarazi dute. Eta gogorarazi jaietako zapiak dituztela salgai taberna eta dendetan.
Jai egitaraua
Hona hiru egunetarako gertatu duten egitaraua:
Uztailak 20, egubakoitza
- 17:00 Jai hasiera: txupinazoa eta buruhandi eta erraldoien kalejira txistulariekin.
- 18:00-21:00 Tirolina.
- 19:00, Txikiteoa trikitilariek girotuta.
- 21:30 Rock kontzertua (Aretz taberna parean): Dirty Brothers.
- 23:00 Rock kontzertua (Aretz taberna parean): Arkada Social.
- 23:00 Kontzertua (Zaraia tabernako aparkalekuan): Una noche sin Sabina.
Uztailak 21, zapatua
- 11:30, Diana, etxafuegoak eta buruhandiak.
- 11:30-14:00 Umeendako jolas parkeak (Gipuzkoa plazan, Loramendi kalean eta Ibarra alboko zelaian).
- 16:00 Mus txapelketa (Eguzki Alde elkarteko arkupetan).
- 16:00 3x3 futbito txapelketa (Gipuzkoa plazan).
- 17:00-20:00, Umeendako jolas parkeak (Gipuzkoa plazan, Loramendi kalean eta Ibarra alboko zelaian).
- 18:30-20:00, Pintxo potea auzoko tabernetan.
- 22:30 Disko dantza: Krossko taldea (Zaraia tabernako aparkalekuan).
- 23:00 Rock kontzertua: Krisis, No-Hope eta Freedom Boys (Aretz tabernaren parean).
- 00:00 Su artifizialak Ibarrako zelaigunean.
Uztailak 22, domeka
- 11:30-14:00 Umeendako jolas parkeak (Loramendi kalean, Jose Mari bodegoi alboan eta Ibarra alboko zelaian).
- 12:00 Batukada.
- 12:30-14:00 Txikiteoa Kalebarren txarangarekin.
- 16:30 Xake txapelketa (Eguzki Alde elkarteko arkupetan).
- 18:00 Poniak, zekorrak eta igerilekuak.
- 19:00 Txikiteoa Kalebarren txarangarekin.
- 21:00 Jaien bukaera.