UDAko Txirrindulari Sailak jakinarazi du Andramaixetan egiten den lasterketaren aurrekontua 5.000 eurokoa dela. Udalak %70-75 artean hartzen du beregain, eta aurten Aretxarteren laguntza izango dute gainerakoa ordaintzeko.
"Azken boladan makinatxo bat bider entzun dugu murrizketak, langabezia eta antzeko berbak, krisi handi batean murgilduta gauden adierazgarri. Beraz, ohiko babesleengana jo dugunean, laguntzeko ezintasuna erakutsi digute", argitu dute. Baina ezetz horiekin ez dira kikildu UDAkoak, eta argi izpiren bat topatzeko itxaropenarekin lanean jarraitu dute. "Argi izpi hori Aretxarte elkartea izan da. Izan ere, proposamena luzatu genienean babesteko nahia adierazi ziguten".
Hala, euskal autonomi erkidego zein estatuko txirrindulari hitzorduen egutegiko lasterketa zaharrenetakoa jokatuko da gure eskualdean aurten ere. Hori horrela, esker oneko berbak dituzte herriko merkatarien elkartearendako: "Eskerrik asko, bihotzez, Aretxarteri; gustatuko litzaiguke aretxabaletarrok ere eskertzen jakitea elkarte horrek egin duen esfortzua".
2013an platinozko ezteiak
Dagoeneko datorren urteko hitzorduan pentsatzen hasita daude, eta lehenbailehen hasiko direla lanean hura gertatzeko jakinarazi dute. "Platinozko ezteiak beteko ditu Leintz bailarako txirrindulari birak 2013an, eta jakina, dena puntu-puntuan izan nahi dugu ordurako".