Aralar lehen aldiz aurkeztu zen.
Aralarren bultzatzaileetako bat nintzela, hauteskundeak etorri ziren orduan; eta benetan zerbait aldatu gura bazen, beharrezkoa zen udaletan presentzia hori izatea. Zalantza izan nuen – bi ume txikiren aita nintzen– Udalean sartu edo ez; baina aitak animatuta sartu nintzen, herriaren alde lan egitea beharrezkoa zela esan zidan-eta.
EAJrekin osatutako gobernua.
Botoen gehiengoa EAJk atera zuen eta alkatetza, Arritxu Olidenekin. Egoera zaila zen, beste ezker abertzalea legez kanpo zegoen-eta. Guk herritarren alde ahal zena egin eta kudeatzeko aukera izan genuen.
Desadostasunak etorri ziren.
EAJrekin ez zen oso elkarlan erraza izan; errezelo handia zeukaten eta guk informazio gutxi geneukan gai askoren inguruan. Gure akatsa izan zen ez genuela bermatu gure erabaki ahalmena. Ardurak hartu genituen, baina ardura horiek aurrera ateratzeko eskumenik ez geneukan. Horrek arazoak ekarri zizkigun, erabaki batzuk hartu gura genituen-eta ondoren, alkateak atzera egiten zuelako. Gure ardurak ezin bete eta herritarren aurrean ezin justifikatu geratzen ginen hala. Horrela jarraitzeak ez zeukan zentzurik, gure ustez.
Aralar gobernutik bota zuen EAJk. Ardurekin batera eskumenek etorri behar zuten. Proposamen bat jarri genien mahai gainean eta hasieran baiezkoa etorri zen EAJren aldetik. Baina, martxan jarri aurretik, alkatearen aldetik neu Gobernutik botatzen ninduela etorri zen; pertsonalki nirekin desadostasunak zituztela argudiatuta. Aralarren bozeramailea nintzen eta neuk azaldutako desadostasunengatik ni botatzea zela egokiena uste zuten. Baina Aralarren erabakiak denon artean hartzen genituenez, herritarrak nahasteko amarru bat besterik ez zen; beraz, ez ginen irten, bota egin gintuzten. Ez dut uste elkarlanerako prestatuta zeudenik.
Kiroldegia orduan abiatu zen?
Kirol-etxearen azpiegitura hobetzeko beharra aurreko agintaldietatik zetorren. Gurean kultura arloari eman zitzaion garrantzia herriko eskaera eta beharrei erantzuteko. Ondoren hasi zen kiroldegiko proiektua eta ondorengo agintaldian obra hasteko proiektua abiatu zen. Parte-hartzea egon zen eta ereduaren gaineko adostasuna egon zen. Ni kritiko samar agertu nintzen eta zaharra bota beharrean hura egokitzeko aukera ere jarri nuen mahai gainean. Baina eragile politiko guztiek eta bileretan parte hartu zuten herritarrek kiroldegi berria egitearen alde egin zuten. Ez zen kalkulatu gerora ekarri zituen ondorioak. Izan ere, Diputaziotik ez genuen inolako dirulaguntzarik jasoko eta Udalak kudeatu beharko zukeen. Baina inor ez zen aurka azaldu. Gerora entzun ditut proiektuarekiko kritikak.
Arkupe ere abiatu zenuten.
Eragile askoren artean egin zen proiektua izan zen. Denei erantzutea eta parte-hartzailea izatea zen asmoa. Adostu, proiektatu eta eraiki genuen eta lan txukuna egin zela uste dut, eragile guztiei erantzunez. Hurrengo agintaldiarendako geratu zen kultura etxearen kudeaketa. Gure eredua zen herriko kultura mugimendua bultzatzea. Horrek kudeaketa mistoa eskatzen du, Udalaren kontrola eta finantzaketa; eta bestetik, herritarren parte-hartzea. Eredu horren aldekoa naiz, kudeaketa kanpoko enpresa baten esku utzi ordez.
Zer eman dizu politikak?
Eman baino, jaso egin dut gehiago. Asko ikasi dut eta jende interesgarria ezagutu dut; zikinkeria ere ikusi dut. Gertutik jarraitzen dut eta momentu berri hau ilusioz bizi dut. Behar handia dago politikari eta erakunden kudeaketari buelta bat emateko. Badut itxaropena asmatuko duela ikuspegi abertzale eta ezkertiarretik diharduen mugimendu zabal berriak.
