Zein helbururekin antolatu dituzue atzerritartasunaren gaineko jardunaldiok?
Eusko Jaurlaritzak antolatutako hitzaldiak dira, udalekin eta Biltzenekin elkarlanean. Atzerritartasun Legearen gaineko ezagupenak eskaintzea da helburua, batez ere atzerritarrak direnei, baina baita atzerritarrekin lan egiten duten profesionalei ere.
Legearen gainean ezjakintasuna dago, baina batez ere informazio faltsu asko mugitzen da?
Jendeak asko daki, baina gertatzen da informazio asko faltsua dela. Atzerritarren egoerak eta eskubideak zeintzuk diren jakiteko interesa izaten dugu; baina interes horrek, era berean, informazio txar asko ere ekartzen du. Hau da, horrenbeste berba egiten da, gezur asko sortzen dira. Guk legea zer den azaltzen dugu, baina hitzaldiok, era berean, balio dute faltsuak diren zurrumurruak isiltzeko.
Zer dio legeak?
Atzerritartasun Legea Atzerritarren eskubide eta askatasunen eta haien gizarteratzearen lege organikoa da. Immigrazio fluxuak erregulatzen ditu, eta erresidentzia eta lan erregulazioak lortzeko egin beharreko gestioak arautzen ditu. Legearen premisa da atzerritarrek bizileku eta lan-bisarekin etorri behar dutela; baina, azkeneko urteetan, atzerritarrek beste bide batzuetatik sartu eta lan egiten dute. Hortaz, horrek sortzen du modu erregularrean daudenen kolektiboa. Hitzaldi hauen bitartez azaltzen dugu: nola erregulatu pertsona bat, nola lortu bizileku eta lan-baimena, euren senideak nola ekarri hona eta nola lortu espainiartasuna. Gainera, atzerritarren eskubideak, osasunari, hezkuntzari eta gizarte zerbitzuei dagokienez.
Atzerritik datorren batek nora jo behar du bere eskubideak zeintzuk diren jakiteko?
Administrazio guztiek emango diote informazioa. Alde batetik, Estatuko administrazio orokorra dago. Hor, erregulazioa lortzeko eman beharreko pausoak zeintzuk diren azalduko diote atzerritarrari. Eusko Jaurlaritzak informazioa emango dio, beste erakunde batzuekin elkarlanean: Caritas eta Gurutze Gorria, esate baterako. Azkenik, hainbat udalek ere izaten dute informazio zerbitzua.
Erregulazioa lortzeko eman beharreko pausoak aipatu dituzu. Zeintzuk dira pauso horiek?
Eskatzen dutena da hiru urteko egonaldia herrialdean eta lan eskaintza bat izatea. Hiru urteko egonaldia erroldaren bitartez erakusten da. Lan eskaintzari dagokionez, kontratatzera baldintzatutakoa izan behar du. Behin erregulazioa onartzen denean, Gizarte Segurantzan alta emango zaio pertsona horri.
Atzerritarren semeei dagokienez, ze egoeratan egongo lirateke?
Bi sistema daude nazionalitatea jaiotzez emateko: odolaren sistema da bat eta lurraldetasunarena da bestea. Herrialde bakoitzak berea dauka. Espainiako Estatuan odolaren sistema erabiltzen da: hau da, espainiar nazionalitatea dutenen seme-alabek bakarrik izango dute espainiar nazionalitate eskubidea jaiotzez. Beste herrialde batzuetan beste modu batera ezartzen da nazionalitatea: adibidez, Brasilen. Han lurraldetasunaren arabera ematen dute nazionalitatea. Hortaz, brasildar bikote batek haurra izango balu Espainian, zer gertatuko litzateke? Haur hori nazionalitate bakoa izango litzateke. Kasu horietarako, nazioarteko giza eskubideen hitzarmen batzuk ezartzen dira, eta, kasu horretan, Espainiak nazionalitatea eman beharko lioke haur horri.
Hitzaldian, delituak egiten dituzten atzerritarrei buruz ere hitz egin duzue.
Delituren bat egin duen atzerritarra beste edonor bezala epaituko dute, eta zigorra baldintza beretan bete beharko du, gainera. Atzerritar hori modu irregularrean baldin badago, herrialdetik botako dute, gizartean inolako sustraitze gradurik ez badauka, behintzat. Delitua egin duen horrek, gainera, erregularizatzeko arazo gehiago izango ditu; izan ere, aurrekari penalak bertan behera geratu arte ezin izango du erregulaziorik lortu. Ziurrenik, delitua egin duenak ezin izango du baimena berritu.
Indarkeria matxista jasan duten emakumeen kasua ezberdina da?
Bai, legeak modu berezian babesten duen kolektiboa da. Indarkeria matxista jasan duen emakumeak lan eta bizileku baimena izango du, bai berarendako eta baita adingabeko seme-alabendako hurrengo bost urteetan.
Horrelako hitzaldietan jendeak zer galdetzen du gehien?
Denetik galdetzen dute, eta, gainera, gero eta zalantza gehiago sortzen dira. Erregulazioa, baimenen berritzea, familiaren egoera, nazionalitatea... horiek izaten dira zalantza nagusiak.
Araudi hau noizkoa da?
Gaur egungo legea 2000. urtekoa da, eta gerora hainbat hobekuntza egin dira: 2003an eta 2009an.
Espainiako legeak Europako gainerako herrialdeetako legediaren ildo bera jarraitzen du?
Bai, immigrazioari dagokion politika antzerakoa da herrialde gehienetan. Europara sartzeko araudia antzerakoa da herrialde gehienetan.
Azkenaldian herrialdera sartzeko baldintzak gogortu egin dira?
Ez, berdinak dira. Azkeneko urteetan aldatu dena immigrazio fluxua da, askoz atzerritar gutxiago etortzen dira orain. Nikaraguatik eta Paraguaitik datoz atzerritarrak, gehienbat.