Aritzalekuko distantzia luzeko triatloia egin berri duzu. Nola joan zen?
Egia esan, triatloietan oraindik "nobatoa" naiz eta hori dela-eta, urduritasun puntuarekin egoten naiz eguna iritsi arte. Aritxalekukoa aurtengo bigarren triatloi luzea izan da, eta espero baino hobeto irten zen. Banekien ondo nengoela, baina ez nuen pentsatzen podiuma jokatzeko moduan egongo nintzenik.
Nolakoa da proba hau?
Oso gogorra da. 1.900 metroak Lerateko urtegian egiten dira, 950m-ko bi bira. Espero baino hobeto egin nuen eta urtetatik irtetean neska-lagunak lehen 20etan nengoela esan zidan. Ondoren 93 kilometro egin behar genituen bizikletan. 31kilometrotako 3 itzuli. Horiek oso gogorrak ziren eta gainera, haizeak oso gogor jotzen zuen. Azken lan-saioan 21km egin behar genituen korrika. Lehenengo itzulian gaizki pasa nuen eta gorputzari buelta eman ostean, indarrarekin amaitu nuen laugarren eginez.
Lehen aldiz korritu duzu proba hau?
Bai, lehen aldia da; aurtengo denboraldian egiteko asmoa nuen, eta gustura geratu naiz. Urtea ere ondo doa.
Espero zenuen horren aurrean ibiltzerik?
Banekien fisikoki ondo nengoela eta aurrean ibiltzeko moduan ikusten nuen neure burua, baina ez podiumera igotzeko moduan.
Distantziak ere ez dira makalak.
Zifrak ikustean nekatu egiten zara. Egia esan, gogorra da, baina behin metara iritsita eta ikusita gai zarela horrelako proba bat bukatzeko, lasterketan pasatakoak ahaztu egiten dira.
Nafarroako Txapeldunordea eta Euskal Herriko Txapelduna, taldeka. Ez dago txarto.
Triatloietan zail ikusten nuen lasterketa dominatzen ibiltzea. Ondo sufrituta bigarren postua lortu nuen nire taldekide Raul Amatrianien atzetik. Taldeka Euskal Herriko txapeldunak izan ginen, lehen hamar sailkatuetan bost triatleta sartu genituen-eta.
Eta gaur [atzo] Monegrosen lehiatu zara. Zer moduz?
Nahiko ondo, zazpigarren sailkatu naiz. Igeriketa proban ibili naiz justuen, neopreno barik igeri egitera behartu gintuzteten; Ura 22 gradutik gorako tenperaturan badago epaileek erabaki hori har dezakete, eta igerilari hain trebeak ez garenontzat neurri kaltegarria da; dena dela, bizikletako saioan postuak errekuperatzen hasi naiz eta korrika proba ere ondo bukatu dut, gustura.
Denboraldiaren balorazioa?
Egiten dudan balorazioa oso positiboa da. Duatloietan aurrealdean ibili naiz garaipen batzuk lortuz. Triatloian, berriz, nahi nuen aurrerapauso hori eman dut.
Jakin dugu hurrengo urtean elitea "utziko" duzula eta lasaiago ibiliko zarela. Ze asmo daukazu?
Ni ez naiz elite barruan sartzen. Egia da Atxintxika taldea utzi nuela Lagunak taldearengatik. Momentu horretan, mundu hau gehiago ezagutu nahi nuen eta Nafarroako taldeak horretarako aukera ematen zidan. Lau urteren ostean, nire etxeko taldera bueltatzea erabaki dut, Antxintxikara. Lehiatzen jarraituko dut, baina egunerokoan beste lehentasun batzuk izango ditut.