Aretxabaletako Udalak eta UTE Ibarra Kiroldegiak sinatu dute kontratua; "pozik" daudela adierazi du Ana Bolinaga alkateak, eta aurkeztutako proiektuan sinistu izanagatik eskerrak eman dizkio LKS, Athlon eta Ondoan enpresek osatutako hirukoak. Eta kontratua sinatuta, adostu dute irekiera data: irailak 3. Adierazi dute, ikuspuntu ekonomikotik, "oso zaila" litzatekeela enpresa batentzat uztail eta abuztuan gisa honetako instalazio bat irekita mantentzea; horregatik erabaki dutela uda ostean irekitzea; eta espero dutela herritarrek erabakia ulertzea.
Irailak 3 izango da, beraz, irekiera egun ofiziala, baina aurretik irekiera partziala egingo dute: abuztuaren 27rako matrikula egiten dutenek sarrera librea izango dute, abuztuaren 27tik irailaren 3ko lehen aste horretan.
"Berandu baina ondo" hastera doazela esan du alkateak, eta horri gehitu dio instalazio "garestia" dela eta hori aurrera ateratzeko jendea abonatzea "beharrezkoa" dela.
Ate irekiak uztailaren 9tik 26ra
Hori egitera animatzeko, kiroldegia bertatik bertara ezagutzera gonbidatu gura dituzte herritarrak: ate irekiak egingo dituzte hilabete honetan, astelehenean bertan hasita: gonbidapen berezia luzatuko diete herriko erakunde ezberdinei, eta partikularrek ere izango dute, noski, bisitan joateko aukera.
Erakundeentzat:
- Uztailak 9, astelehena: 11:00, Basotxo; 13:00, Aretxarte.
- Uztailak 12, eguena: 17:15, gastronomia elkarteak.
- Uztailak 17, martitzena: 11:00, Atzegi; 17:15, kirol elkarteak.
- Uztailak 18, eguaztena: 17:15, abesbatza.
- Uztailak 23, astelehena: 17:15, Loramendi elkartea.
Partikularrentzat:
- Uztailak 10, 11, 13, 16, 18, 19 eta 26, 11:00etan eta 17:15ean.
"Puntako" kiroldegia
Arduradunen hitzetan, puntako kiroldegia izango da Euskal Herri mailan, eta bereziki hiru gune azpimarratu dituzte: igerilekuan joango den wellness gunea; rokodromoa, bere dimentsio eta diseinuarengatik; eta fitness gela, puntako makinekin ekipatua egongo delako eta ekintza programa berritzailea izango duelako.
Prezioak
Helduen hileko abonua 25 euro kostako da, 11 euro gehiago ekintzaren baten izena emanez gero; 13 urtera arteko haurrak doan sartu ahal izango dira, bi gurasoak abonatuta egonez gero; eta hirugarren adinekoentzako eta langabeentzako prezio eta ordutegi bereziak izango dira: 17 euro hilean, soilik 16:00ak arte erabiltzeko baldintzarekin.
Ordutegia
- Astelehenetik egubakoitzera: 08:00-21:30.
- Zapatuetan: 08:30-14:00 eta 16:00-20:00.
- Domeketan: 09:00-14:00.
Behin kiroldegia irekita, 20 bat egun gehiago beharko dituzte ikastaroak hasteko; matrikulazio kanpaina, hori bai, datorren astean bertan irekiko da.
Esperientzia "pilotua"
Proiektua Mondragon Taldea kirolaren esparruan aurrera eramaten dabilen iniziatiba ezberdinen artean kokatzen da; helburua da Aretxabaletan jartzea kirol instalakuntzen kudeaketa zerbitzuen kooperatiba baten hazia.
Kiroldegiaren eguneroko lanean 13 pertsona ariko dira, zuzendaria barne, eta aretxabaletarrak edo aurretik Zainduzen lanean ibilitakoak izango dira guztiak; Asmoa da behin lehen urtea gaindituta, UTEa kooperatiba bihurtzea. Zainduz uztail bukaeran itxiko da.