Antzerkiaren aldeko apustua egin du Kultura Sailak uztailerako

Mirari Altube Arrese 2012ko ekainaren 29a

Uztaileko egitarauaren berri eman du Kultura Sailak eta udako zinema eta ikastaroekin batera antzerkia da nobedadea. Hiru antzezlan dotore izango dira uztaileko hiru eguaztenetan, Herriko Plazan. Zinemari dagokionean Asisko Urmeneta zuzendaria etorriko da Gartxot filma aurkeztera.

"Urtean zehar ezin izan diogu tarte handirik eskaini, eta orain, udan, antzerkiaren aldeko apustua egitea pentsatu dugu", argitu dute Kultura Saileko kideek.

Hiru eguaztenetan eskainiko dituzte antzezlanak, Herriko Plazan (19:00): hilaren 4an, Trapu Zaharra taldeak umorea nagusi duen Ametsetan bizi; hilaren 11n, Malas Compañias taldeak, zirkuko jolasak eta antzerkia uztartzen dituen Orsai; eta hilaren 18an, Oihulari Klown-eko medikuak ibiliko dira kalean Pronostiko erreserbatua lanarekin.


Asisko Urmeneta eta 'Gartxot'

Arkupeko Zaraia aretora, ostera, udako zinema iritsiko da eta hiru film emango dituzte –astelehen (17:00), martitzen eta eguenetan (21:00)–: hainbat sari jaso dituen Intocable frantsesa –uztailak 9, 10 eta 12–; Itzaltzuko bardoaren istorioa jasotzen duen Gartxot euskalduna –uztailak 16, 17 eta 19–; eta Katmandu espainiarra –uztailak 23, 24 eta 26–.

Uztailaren 17an, martitzena, (20:00), gainera, Gartxot filmaren zuzendaria, Asisko Urmeneta komikigile ezaguna, izango da gurean filmaren nondik norakoak argitzen.

Heldu eta umeendako ikastaroak

Azken urteotan legez, hainbat ikastaro antolatu dituzte helduendako, uztailerako. Lehenengo astean –uztailak 2, 4 eta 5, (14:30-16:30)– emakumeek artearen historian izan duten zeresanaren gainean jardungo dute.

Bigarren astean –uztailak 9, 10 eta 12, (11:00-13:00)– arte inpresionistaren gaineko nondik norakoak irakatsiko ditu Miren Vadillo irakasleak, EHUan Artearen Historian lizentziatua.

Hirugarren astean –uztailak 16, 17 eta 19, (15:00-17:00)– sukaldaritzaren gaineko ikastaroa izango dute Joxemi Aierbe eskarmentudun sukaldariaren eskutik. Urte sasoi bakoitzari dagozkion produktuak ezagutu eta horiek aprobetxatzen erakutsiko du, menu samurrak eginda.

Eta gaztetxoek, 7 eta 12 urte artekoek, marrazketa eta pinturaren gaineko ikastaroa izango dute martitzenean, hilak 3, hasi eta uztailaren 19a bitartean (11:00-12:30). Edozeinetan izena emateko Arkupera jo behar da.

Nepalgo begiradak ikusgai

Erakusketa aretoan, ostera, Nepalgo begiradak argazki erakusketa egongo da hilabete guztian. Sergio Gonzalez Lopez argazkilariak Nepalgo herritarren argazkiekin osatutako erakusketa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak