Bi datu azpimarratu gura izan zituen Enekotegik: batetik, elkartearen bazkide kopurua, 900en bueltan, herritar eta erakundeak –merkatari, enpresa…– kontuan hartuta; eta bestetik, kirol jardunean dabiltzan neska-mutikoak, 420 inguru. "Kopuru benetan esanguratsuak biak". Eta gaineratu zuen Aretxabaletako kirol federatu guztia bateratzea gura dutela. Horrez gain beste erakunde batzuekin kolaboratzen jarraitzeko asmoa azaldu zuen: Realarekin; Arizmendirekin… "Kirolik egin ezinda ez dadila geratu neska-mutikorik gure herrian".
Ibarrako hobekuntzak
Datorren denboraldiari begira hainbat hobekuntza egiten hasi gura dute Ibarran, eta Udalarekin hartu-emanean dabiltza: "Jakitun gara egoera ekonomikoa ez dela batere ona, baina hobekuntza horiek agendan sartu gura ditugu orain ezin bada geroago heltzeko", argitu zuen presidenteak. Hobekuntza horien artean daude: hotzari aurre egiteko harmaila inguruak itxi; gimnasioa eta osatze eta berotze gela izango dena egokitu aldagelen alboan; Ederlan inguruko aparkalekutik ate bat zabaldu futbol zelaira; jokalarien aulkiak lekuz aldatu; eta zelaiaren mantentze lanak hobetu. "Udalak ez die aterik itxi eskaerei eta poliki-poliki helduko diete".
Lehenbailehen egingo dituzten lanak Leixargarateko aterpetxekoak dira: "Teilatuak du konpontze premiarik handiena, eta uztailean edo irailean hasiko ditugu". 12.000 euro inguruko aurrekontua dute konponketa horiek, eta urteko aurrekontuan gainkarga izan arren UDAk beregain hartuko du Murrukixo mendizale elkartearekin batera: "Igeltseroek, gainera, eskulana jarriko dute".
Denboraldia "oso positiboa ez"
Kirol arloko emaitzei dagokienez joandako denboraldia ez dela "oso positiboa izan" esan zuen. "Batez ere preferenteko futbol taldea mailaz jatsi delako. Ohorezko erregionaleko taldeak ez du lortu esperotakoa, baina gustura gaude". Hala ere, Juanan Cruz entrenatzaileak ez du jarraituko UDAn. "Aldaketa gura genuen, beste kontu batzuen artean jokalariek ere arrisku handiagoa har dezaten". Hala, Alberto Albistegi Realeko jokalari ohiak zuzenduko du ohorezko erregionaleko taldea eta Gorka Valle aretxabaletarrak egingo dio lagun.
Eskua proiektuarekin jarraitzeko asmoa azaldu zuen gainera, baina metodologia aldatuta, aurten ezin izan dutelako ailegatu gura zen guztira: "Entrenatzaileak formatuta gero jokalariengan eragingo dute", argitu zuen Igor Arenaza futboleko koordinatzaileak.
Areto futboleko taldearekin pozik daude Gipuzkoako lehenengo mailara igotzea lortu duelako, eta gainerako kirolen jardunarekin ere bai –karatea, pilota eta gimnasia erritmikoa–.
Aurrekontua: 200.000 euro
200.000 euroren bueltan ibiliko da UDAren aurrekontua: "Ez dago egoera txarrean, baina diru iturri berriak behar ditugu" argitu zuen. Hala ere, ez dute igoko kuotarik, ezta beste inolako tarifarik ere datorren denboraldian. Gainera, kiroldegia zabaldutakoan beste kirol batzuk egiteko eskaerak egon daitezkeela uste du –saskibaloia, eskubaloia…– eta horiei heltzeko estatutuetan aldaketak egingo dituzte.
Bestalde, kirol elkartearen gaineko erakusketa antolatzen dabiltzala azaro ingururako jakinarazi zuen; eta Mikel Aranburu Realeko jokalari ohiari omenalditxoa egiteko asmoa dutela.