Apirilaren bukaeran egindako ezohiko osoko bilkuran hartu zuten erabakia, baina orain sinatu dute Aretxabaletako Udalak eta LKS, Athlon eta Ondoan enpresek osatutako hirukoak Aretxabaletako Ibarra kiroldegia kudeatzeko hitzarmena.
Hitzarmen horren arabera, hamar urtez kudeatuko dute kiroldegia hiru enpresa horiek osatzen duten taldeak; eta kontratua luzatzeko aukera egongo da.
Iker Etxeberria eibartarra izendatu dute kiroldegiko zuzendari. Jarduera fisiko eta kiroletako lizentziaduna da eta azken 11 urteotan Athlonen aritu da lanean.
Azken ukituak
Dagoeneko hasiak dira kiroldegian lanean enpresa horiek eta azken ukituak egiten dabiltza. Adibidez, seinaleztapen guztia hamar egun barru bukatuta egotea aurreikusten dute. Ekipatze lanak ere ahal bezain laster hasiko dituzte.
Etxeberriak zehaztu digu eraikuntza enpresak giltzak eman bezain laster hasiko direla kiroldegia ekipatzen eta datorren astean hasiko direla materiala jasotzen.Gaineratu digu fitness gelan punta-puntako ekipamendua egongo dela, eta hain zuzen, helburu horrekin dabiltzala hornitzaile ezberdinak begiratzen.
Langileen kontratazioak ere egiten dabiltza, eta pleguetan zehazten zen bezala, Aretxabaletako jendea hartuko da aintzat, profilak betetzen diren heinean. Etxeberriak zehaztu digu Zainduzen lanean ari diren bi monitoreak eurekin joango direla lanera. Eta gaineratu hasieran 10-12 lanpostu sortuko direla: harrera, mantenua, sorosleak, ur ekintzetako monitoreak, beste ekintza batzuetarako monitoreak eta garbitzaileak.
Uztailean ate irekiak
Uztailean ate irekien egun bereziak antolatuko dituzte, herritarrek kiroldegi berria zabaldu aurretik ikus dezaten. Bestalde, uztailean zehar kirol ekintzek, orain arteko moduan, Zainduz gimnasioan jarraituko dute.
Irekiera data datorren astean jakingo da
Kiroldegiaren irekiera data zehatzaren berri datorren astean, eguaztenean, emango dute. Udaleko arduradunek komunikazio plan bat diseinatu dute aretxabaletar guztiei kiroldegiko ekintzen, matrikulazioen eta abarren berri emateko.