Etxeko langileen eskubideak eta betebeharrak, araututa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko eka. 28a, 02:00

Euskal Enplegu Zerbitzuko laneratze arloko Andres Ortiz orientatzaileak etxeko langileen erregimena arautzen duen legearen gaineko xehetasunak eman zituen Arkupen egindako hitzaldian. Inguruko herrietako udal teknikari batzuk eta etorkin asko elkartu ziren; izan ere, lege hori urtarrila ezkero indarrean egon arren, oraindik nahiko ezezaguna da jendearen artean.

Araudi berriarekin, etxeko langileak erregimen orokorraren partaide izango dira; horrek, praktikan, zera esan nahi du: lehenengo ordutik aurrera haien kotizazioa ordaindu beharra dagoela. Arautegi berriak beste berrikuntza bat ere badakar: lanbideen arteko gutxieneko soldata, gutxienez, esku-dirutan kobratu beharko dute langileek. Etxeetan lan egiten duten langileei eragiten die legeak, eta, hain zuzen, langile horien eskubideak erregularizatzeko ahalegina da. Bi helburu ditu: batetik, inon jasota ez dagoen azpi-ekonomia eguneratzea; eta bestetik, langile horien egoera duintzea.

Gizarte Segurantzan alta eman 

Familia-etxearen titularrak eta enplegatuak hitzartutako lan harremanak arautuko ditu legeak. Lege horren eraginez, Gizarte Segurantzan alta emanda egon beharko dute langile horiek. Hori izango da legeak duen alderdi nabarmenena.

Enplegu-emaileak langileak kontratatu ahal izango ditu zuzenean edo baimendutako enplegu-zerbitzu publikoen edo kolokazio-agentzien bitartez. Estatuko enplegu-zerbitzu publikoek eta kolokazio agentziek bermatu beharko dute, euren esparruan, enplegua eskuratzeko berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa. Kontratua idatziz edo hitzez hitzartu ahal izango da. Hala ere, lau hilabete edo gehiagoko iraupena dutenak derrigorrez idatzita jaso beharko dira. 

Lan-harremana lau aste edo gehiagokoa denean, langileak kontratuaren oinarrizko elementuei buruzko informazioa jaso beharko du (jenerotan jasotako prestazioak, lanaldia eta ordutegiak, familia-etxean egin beharreko gauak...), horiek kontratu formalizatuan agertzen ez badira. Bestalde, Ortizek azaldu zuen probaldia ezin izango dela bi hilabete baino luzeagoa izan. Bestalde, kontratua bi aldeetako edonork indargabetu ahal izango du, zazpi egun naturaleko epea inolaz ere gainditu gabe.

Eskubideak eta betebeharrak 

Ortizek nabarmendu zuen araudi berriarekin, orain arte moduan, langileak eskubideak eta, era berean, betebeharrak izango dituela. Horren harira, hauxe gaineratu zuen: "Enplegu-emaileak derrigorrez zaindu beharko du etxeko langileak lana beharrezko segurtasun eta osasun baldintzetan egitea. Betebehar horiek modu larrian ez betetzea bidezko arrazoia izango da langileak dimititzeko".

Soldatak 

Gobernuak finkatzen duen lanbide arteko gutxieneko soldata jaso beharko du etxeko langileak, gutxienez. Hori lanaldi osoaren legezko ordaina izango da, eta, lanaldia laburragoa izanez gero, proportzionala izango litzateke soldata.

Enplegu-emaileak dirutan ordainduko ditu soldatak: "Prestazioa jenerotan jasotzeko eskubidea duten prestazio-zerbitzuetan, kontzeptu horiengatik deskontua egin ahal izango da alderdiek adostutako portzentajean". Baina deskontu hori ez da izango soldataren %30 baino handiagoa, eta langileak beti jaso beharko du lanbide arteko gutxieneko soldata esku-dirutan.

Legeak ezarriko duen beste aldaketa nabarmen bat aparteko pagak izango dira. Langileak urtean ezohiko bi paga jasoko ditu, eta, kontrako hitzarmenik ez bada, behintzat, seihileko bakoitza amaitzean jasoko du aparteko paga. Paga hori ere urteko zenbaketaren lanbide arteko gutxieneko soldataren zenbatekoa izango da, gutxienez. "Orduka lan egiten duten etxeko langileen ordainketa egiteko, erreferentzia gisa hartuko den soldata minimoa Errege Dekretuan finkatzen dena izango da, ordainketa-kontzeptu guztiak jasotzen dituena", gaineratu zuen Ortizek. Oso osorik ordainduko da esku-dirutan, lan egindako orduekin proportzioan. 

Lanaren iraupena 

Lanaren iraupenari dagokionez, astean, gehienez, 40 orduko lanaldi arrunta egingo dute. Bestalde, enplegu-emailearen esanetara egin beharreko presentzia-denbora ezin izango da astean 20 ordu baino gehiagokoa izan. "Eta, gainera, lan arrunten moduan kobratuko ditu langileak", azaldu zuen Ortizek. 

Presentzia denborak bi aldeen artean adostuko dituzte, eta baita ordutegiak ere. Behin lanaldia amaitutakoan, langileak ez du zertan familia-etxean egon. Lanaldi baten amaieraren eta hurrengoaren artean, gutxienez, 12 orduko atsedenaldia egon beharko du. Etxean bizi diren langileek otordu nagusiak egiteko egunero bi ordu izango dituzte, gutxienez, eta denbora hori ez da laneko denboratzat hartuko.

Etxeko langileak astean 36 orduko atsedenaldia egiteko eskubidea izango du, eta, normalean, zapatu arratsaldea edo astelehen goiza eta domeka osoa hartuko ditu atsedenaldi horrek.

Oporrak 30 egunekoak 

Oporrei dagokienez ere aurrerapauso handia izan dute etxeko langileek legedi berriarekin. Aurrerantzean, 30 egun naturaleko oporraldia izango dute; bi alditan edo gehiagotan zati daiteke, baina bietako batek, gutxienez, 15 egun jarraian izan beharko du.

Diziplinazko kaleratzeak 

Diziplinazko kaleratzeak langileen estatutuan aurreikusitako kasuengatik gertatuko dira. Kalte-ordaina lan eginiko urte bakoitzeko 20 egun naturalen baliokidea izango da, gehienez 12 hilabeteko soldataren mugarekin. 

Bestalde, kontratua iraungi daiteke enplegu-emaileak atzera egiten badu, eta hori idatziz jakinarazi beharko dio etxeko langileari. Zerbitzu-ematea urtebete baino luzeagoa izan bada, enpresariak 20 egun lehenago jakinarazi beharko du, eta laburragoa balitz, zazpi egun lehenago. Lanean ibilitako urte bakoitzeko 12 eguneko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du langileak, gehienez sei hilabeteko soldataren mugarekin.

Egoera ekonomiko txarra 

Bada, hitzaldiaren ostean galderen txanda iritsi zen. Urtarrilean indarrean jarri zenetik gaur arte araudiak nolako eragina izan duen galdetuta, Ortizek azaldu zuen ez dela momentu egokiena horrelako araudi bat egiteko: "Egoera ekonomikoa hain da txarra, horrelako arauak egiteko momentu txarrena da, nire ustez". Hala, jende askok orain arte moduan jarraituko duen beldurra ere plazaratu zuen Ortizek. Baina  horren aurrean jendeak zer erantzukizun duden jakitea ezinbestekoa dela uste du Ortizek: alde batetik, inspekzioren bat baldin badago, atzeratutako kuota guztiak ordaindu beharko ditu enplegu-emaileak, errekarguarekin zein isunarekin; baina, istripuren bat baldin badago, erantzukizuna etxeko jabearena izango da. Horregatik, ondo informatuta egotea beharrezkoa dela uste du Ortizek.

Beste aurrerapauso handi bat etxeko langileak baja hartu ahal izango duela da. Gaixotasun arruntengatik lehenengo hiru egunetan ez du kobratuko, baina hortik aurrera bai. Lan gaixotasun kasuetan, min hartu eta hurrengo egunetik aurrera kobratuko du baja langileak.

Langabeziarik jasoko duten edo ez galdetu zuten Arkupera joandako askok. Oraingoz, etxeko langileek ez dute langabeziarik jasoko. Izan ere, Gizarte Segurantzan kotizatzen dute, baina ez dute langabezia kotizatzen. Horregatik, Ortizek esan zuen oraindik ez direla "lehenengo mailako langileak", eta, hain zuzen, araudiaren hurrengo pausoak langabezia kobratu ahal izatea izan beharko lukeela.

Gustura entzun zuten hitzaldia hara joandakoek. Gehienak langabeak zirela kontuan hartuta, lana bilatu eta kontratua izateko desiraz irten ziren.

-----------------

Informazioa jasotzeko moduak: Andres Ortizek hainbat galdera erantzun zituen hitzaldiaren amaieran. Gaineratu zuen norbaitek informazioa gura izanez gero modu egokiena dela Lanbidera deitu edo idaztea. Azaldu zuen gaur egun bulego fisikoak jendez gainezka daudela eta informazioa lortzeko eta norberak izan ditzakeen kezkak argitzeko modu onena helbide elektronikoa edo telefonoa dela. Gaiaren inguruko edozein zalantza argitzeko 901 22 29 01 telefonora deitu edo lanbide.net webgunea bisitatzea izango dela onena esan zuen. 

-----------------

Etxeko langilearen zereginak: etxeko langileak familia-etxean egiten diren lanak egiten dituzten pertsonak dira. Ondorengoak izango dira zereginak:

-Familia-etxean egindako zerbitzuak edo jarduerak.

-Etxe osoa edo zatiren bat zuzentzea edo zaintzea.

-Familiakideak edo etxe edo familia esparruaren parte diren pertsonak zaintzea edo haiei arreta eskaintzea.

-Etxeko beste lan batzuk: umezaintza, lorezaintza, auto-gidaritza eta antzeko beste batzuk. 

-----------------

Andres Ortiz (Lanbide): "Etxeko langileen eskubideak arautu ditu lege berriak"

Martitzenean egin zuten, Aretxabaletan, etxeko langileen lege berriaren gaineko berbaldia. Lanbide zerbitzuko Andres Ortizek berba egin zuen.

Zer dakar lege berriak? Legeak etxeko langileen erregimena arautu du, eta baita haien eskubideak ere. Lege honen bitartez, gaur egun inon agertzen ez diren kontratu horiek arautu beharko lirateke, eta, modu batean, lan harreman horiek duindu.

Ze onura ekarriko dizkio legeak langileari? Langileek diru jakin bat jasoko dute hilero, gutxienez lanbide arteko gutxieneko soldata izango dena; eta, gainera, aparteko bi haborokin izango dituzte. Hilabeteko oporraldia hartuko dute; horietatik 15 egun eurek nahi dutenean. Gainera, lehenengoz, gaixotasun arruntengatik baja hartu ahal izango dute hirugarren egunetik aurrera; eta, lan gaixotasunengatik, min hartu eta hurrengo egunetik aurrera. 

Langabeziarik kobratuko dute? Ez, oraingoz ez dute jasoko. Langile horiek Gizarte Segurantzan kotizatuko dute, baina ez dute langabeziarik kotizatuko. 

Nolako harrera izan du legeak indarrean jarri zenetik? Oso poliki doa. Egoera ekonomikoa oso berezia da, eta ahalegin handia izango da etxeko jabeendako. Egoera ekonomikoa hain da txarra, horrelako arauak egiteko momentu txarrena da, nire ustez. Langile bati 250 euro ordaindu behar badio etxeko jabe batek, eta Gizarte Segurantzari beste 80 euro, baliteke etxeko jabeak hori ezin jasatea.

Zeintzuk dira legeak dituen hutsuneak? Egunen batean etxeko langileek langabezia kobratu ahal izatea, horrek izan behar du araudiaren hurrengo pausoa.

-----------------

Mari Galan (Aretxabaleta): "Orain langabezian nago, baina 20 egun barru Arrasateko etxe batean hasiko naiz lanean, garbitzaile moduan, kontratuarekin eta Gizarte Segurantza ordaintzen. Orain arte kontratu barik egin izan dut lan. Aurrerapauso handia da".

----------------- 

Khadija Makhlaufi (Aretxabaleta): "Marokokoa naiz eta 7 urte daramatzat hemen. Lehenengo, Oñatin egin nuen lan, kontratuarekin. Gaur egun, langabezian nago. Garbitasuneko ikastaro bat egiten ari naiz, eta ea lana topatzen dudan".

----------------- 

Ansar Javed Sial (Arrasate): "2005ean etorri nintzen hona. Lan egin izan dut, baina ez etxeko lanetan. Gaur egun, langabezian nago eta garbitasuneko ikastaro bat jasotzen ari naiz. Lege berria ondo dagoela uste dut; izan ere, modu horretan, hainbat eskubide irabaziko ditugu".

----------------- 

Emilio Muñoz (Arrasate): "Lege berri honek eskubide gehiago emango dizkigu, eta, modu baten, gure egoera duinduko du. Gainera, Gizarte Segurantzan alta ematea oso garrantzitsua da. Nik ez daukat lanik, baina emaztea laster hasiko da lanean; kontratuarekin, gainera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak