Udalaren egoera ekonomikoari aurre egiteko: mailegua, murrizketak eta higiezinen salmenta

Irati Goitia 2012ko ekainaren 26a

Aretxabaletako Udalaren egoera ekonomikoa delikatua da eta hainbat erabaki hartu behar izan dituzte egoerari aurre egiteko. Besteak beste, hilaren 21ean egindako ezohiko osoko bilkuran jakinarazi zuen Ana Bolinaga alkateak Udalak dituen zorrak ordaintzeko mailegua eskatuko diola Aldundiari.

Aurreko astean ezohiko osoko bilkura egin zuten Aretxabaletan eta 2012-2015erako plan ekonomiko finantzarioa onartu zuten, besteak beste. Izan ere, Udalaren egoera ekonomikoa ez da ona. Otsailean onartutako Udal aurrekontua 9 milioi eta erdikoa izan zen, baina dagoeneko 1.600.000 euro inguruko defizita du Udalak, kiroldegi berriko lanak direla-eta.

Egoerari aurre egiteko hiru neurri

Egoera ekonomiko latz horri aurre egiteko hiru neurri hartu ditu Udalak:

Batetik, mailegua eskatzea Aldundiari. Diputazioak, berak eskaini zien udalei, otsailean, kreditu berezi bat eskatzeko aukera, eta horri helduko dio Aretxabaletako Udalak. Zehazki, 228.800 euroko mailegua eskatu dio Aldundiari eta kiroldegiko azken lanak ordaintzeko izango da. 2014ko azarora bitarte ordaindu beharko dio.

Bigarrenik,  Udalaren hainbat ondasun higiezin saltzea erabaki da: Zainduz gimnasioa, etxebizitza bat eta garaje bat. Salmenta horiekin 600.000 euro jasotzea da asmoa.

Eta hirugarrenik, murrizketak egitea erabakia da. Honakoak dira murrizketa handienak izan dituzten partidak: 30.000 euro hirugarren munduko herrialdetara bideratutako laguntzetan, 45.000 euro autoenplegurako, 20.000 euro Urkuluko Planerako eta 15.000 euro gutxiago urbanizatze lan ezberdinetarako. Guztira 182.357 eurotan murriztu da 2012 aurrekontua. "Murrizketak ez dira gustukoak izan, baina bai derrigorrez egin beharrekoak" adierazi du Ana Bolinaga alkateak.

Alkatea minduta EAJkoekin

EAJko zinegotzi Mari Carmen Astigarragak osoko bilkura bertan behera uzteko eskatu zuen  "Ogasun batzordearen aurre diktamenik gabe ezin delako burutu eta ondorioz, baliorik gabekoa delako". EAJko kideen esanetan "Ogasun batzordea ospatu zen hilaren 18an, astelehena, eta ez ziren bertaratu ez batzordearen lehendakari Ana Bolinaga alkatea, ezta Bilduren gobernu taldeko beste kiderik ere, eta ezin izan zen ontzat eman ospakizuna. Beraz, ez da egia onarpena egon zenik osoko bilkuran". Eta gaineratu dute: "Udalaren egoera ekonomikoak kezkatzen gaitu, baina are gehiago beronen gaineko azalkeriak".

Jeltzaleek esandako horiekin minduta agertu da alkatea: "Ogasun batzordea ekainaren 14an elkartu zen, eta ez 18an; nik ezin izan nuen egon senide baten heriotzagatik eta hori bazekiten EAJkoek. Aldundiari 15ean bidali genion mailegu eskaera; horren oniritzia 19an jaso genuen; eta osoko bilkura egin 21ean, eskaera epea 22an bukatzen zelako. Eta legalki ez dago arazorik lehenengo osoko bilkura egin eta hura gero Ogasun batzordean berresteko. EAJ, ostera, gertu zegoen bertan behera uzteko bilkura eta horrekin batera Udalaren plan ekonomiko-finantzarioa". Udal kontu-hartzaileak egindako lana eskertu zuen, eta EAJren salaketak "hauteskunde estrategia barruan" egindakoak direla gaineratu zuen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak