2012 eta 2015 arteko plan ekonomiko finantzarioa onartu du Udalak mailegua eskatzeko Aldundiari

Mirari Altube Arrese 2012ko ekainaren 22a

Udalaren egoera ekonomikoa ez da ona eta ondorioz mailegua eskatu gura diote Diputazioari. Horretarako 2012-2015erako plan ekonomiko finantzarioa osatu dute eta atzo, eguena, egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zuten. EAJko zinegotziak aurka bozkatu zuen.

Otsailean onartutako Udal aurrekontua 9 milioi eta erdikoa izan zen, baina dagoeneko 1.600.000 euro inguruko defizita dauka Udalak, kiroldegi berriko lanak direla eta. Horri aurre egiteko gura du dirua, eta "horretarako gastuak murriztu eta sarrerak handitu beste biderik ez dagoela" argitu zuen kontu-hartzaileak.

Udalen finantzaketa fondora Aretxabaletari 468.000 euro dagokio itzultzea, baina horren erdia oraingoz ez dute itzuliko. Diputazioak, berak eskaini zien udalei, otsailean, kreditu berezi bat eskatu eta 2015 urtera bitartean ordaindu ahal izatea, eta horri helduko dio Aretxabaletako Udalak. Diru hori izango da kiroldegi berriko azken lanak ordaintzeko.

Zainduz, etxebizitza bat eta garaje bat saldu

Alkateak argi utzi zuen diru sarrerak igo beharra dagoela. Horretarako Zainduz gimnasioa, etxebizitza bat eta garaje bat saldu gura dituzte datozen asteotan: "Etxebizitza mantentzea gurako genuke baina bizi dugun egoerarekin ezin da; saldu, besterik ez dago". Salmenta horiekin 600.000 euro jasotzea da asmoa.

Era berean, gastuak murrizteko asmoa agertu zuen.

Aldundiak baduela horren guztiaren berri aipatu zuen kontu-hartzaileak eta plan ekonomiko-finantzarioa oniritzia  eman diola astean, gaineratu.

EAJren eskaera osoko bilkura bertan behera uzteko

EAJko zinegotzi Mari Carmen Astigarragak zeintzuk izango diren aurreikusitako murrizketak jakin gura izan zuen. Eta esan: "Astelehenean egindako Ogasun Batzordean ez zen Bilduko ordezkaririk agertu". Osoko bilkura hori bertan behera uzteko eskatu zuen orduan.

Aldundiari mailegu eskaera hori egiteko epea baina, gaur, egubakoitza bukatzen da eta derrigor onartu beharra zuen udalbatzak. Hala, alkateak erabaki zuen ez uztea bertan behera osoko bilkura, bozketa egin eta datorren astelehenean Ogasun Batzordea berriro biltzea.

Hala, hiru bozketa egin zituzten: batetik, 2009-2012ko plan ekonomiko-finantzarioa gaurkotzea; bestetik, 2012-2015eko plan ekonomiko-finantzarioa onartzea; eta hirugarrenik, mailegu kontratuaren proiektua onartzea. Bildukoen eta Aralarrekoen botoekin onartu zituzten hirurak; EAJko zinegotziak aurka bozkatu zuen; eta Alderdi Sozialistakoa ez zen agertu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak