Aretxabaletarra pozik dago joan den urtetik hona egin duen aurrerapenarekin: “Joan den urtean probatze aldera eman nuen izena txapelketa baten, eta asko gustatu zitzaidan. Oraindik asko daukat hobetzeko, baina sumatu dut joan den urtetik hona dezente aurreratu dudala”.
Pisua hartu eta gantza galdu
Fernandezek dio esfortzu eta konstantzia handia eskatzen duen kirola dela fitnessa. Urteko entrenamendua bi zatitan banatzen da: “Entrenamenduak irailean hasten dira, eta lehenengo zatian pisua hartzea da helburua, gantzaren eta muskuluaren bitartez. Bigarren zatian, berriz, giharrak mantenduz gantza eta pisua jaistea izaten da helburua”. Elikadura zaintzea ezinbestekoa da: “Alferrik da asko entrenatzea elikadura zaintzen ez bada. Oso-oso garrantzitusa da”.
Azken orduko trikimailuak
Urte osoko entrenamendua garrantzitsua den arren, txapelketa egunaren aurreko astea eta egunak bereziki garrantzitsuak izaten dira: "Txapelketaren egunean giharrak modu horretan ikusteko azken momentuko trikimailutxoak ditugu. Esaterako, aste horretan oso likido gutxi hartzen dugu, eta, modu horretan, azala giharretara itsasten da eta hobeto markatzen dira giharrak. Horrez gain, fokuen berotasunak eta ematen diguten koloreak ere asko laguntzen dute".
Jendea galdezka
Joan den urtean ez horrenbeste, baina Aretxabaletan hasi zaio jendea bere zaletasunaren gainean galdezka: “Telebistan eman dute txapelketa aurten, eta jendeak ikusi egin nau. Askok ez zuten nire zaletasunaren berri”.
Pozik dago egindako denboraldiarekin, eta hurrengoan pentsatzen ari da; baikor, gainera: “Joan den urtetik hona hobetu badut, hobetzen jarrai dezaket, eta hori da nire borroka".