Ume txikiak zituzten hainbat guraso elkartu ziren orain urtebete inguru eta beharren gainean jardun: erreferentziazko gune baten falta; gurasoek elkarren artean egoteko beharra; hainbat gaien gaineko informazioa eta formazioa jasotzeko gogoa… Eta behar horiei guztiei erantzun guran elkartea sortu dute: "Gurasoon arteko elkarrekintza, gogoeta eta laguntza bultzatu gura ditugu; eta haurren hazkuntza eta hezkuntzari zein guraso izateari lotutako zalantzak eta gogoetak trukatzeko eta laguntzeko erreferentziazko bilgune bat sortu", diote kideek.
Hazkuntza taldea lanean
Hainbat lan talde sortzeko asmoa dute, jarduera konkretuak egiteko batetik, eta jarduera iraunkorrak, bestetik. Hain zuzen iraunkor horien artean dago azken hilabeteotan lanean dabilen hazkuntza taldea. 0 eta 3 urte arteko umeak dituzten 19 guraso (bi taldetan banatuta) elkartzen dira hilabetean behin doula batekin eta gai ezberdinak landu. Irailetik aurrera 3 eta 6 urte artekoen gurasoekin ere sortu gurako lukete.
Bazkide izateko kanpaina
Irailean hasiko du lan jarduna Kuku Mikuk, eta bazkidetza kanpaina jarri abian. 0 eta 6 urte arteko umeak dituzten guraso guztiei egongo da zabalik. Udalarekin hitzarmena sinatu berri dute, gainera, eta lokala utzi diete: Durana kaleko 30. zenbakian dagoena –Zainduz gimnasioko jarduerena–. Lokal hori ez da izango ludoteka, ezta liburutegia ere, guraso eta umeendako topagunea baizik; eta ekintza ezberdinak egingo dituzte: berbaldiak, tailerrak… Elkartea bera eta lokala ezagutzeko ate irekiak egingo dituzte irailean eta bazkide egiteko epea zabaldu.