Etxeko langileen lege berriarekin horien egoera duindu gura dute

Mirari Altube Arrese 2012ko ekainaren 20a

Etxeko langileen gaineko legearen berri ematera etorri zen atzo Lanbideko teknikari bat Aretxabaletara. 40 bat lagun elkartu ziren berbaldian, asko etorkinak, eta galdera mordoa egin zizkioten urtarriletik indarrean dagoen lege horrek ezarritako eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren jakiteko.

Euskal Enplegu Zerbitzuko laneratze arloko Andres Ortiz orientatzaileak eman zituen argibideak atzo, hilak 19, Arkupen. Inguruko herrietako Udal teknikari batzuk eta etorkin asko elkartu ziren, izan ere, lege hori urtarriletik indarrean egon arren oraindik nahiko ezezaguna da.

Etxeetan lan egiten duten langileei eragiten die legeak eta hain zuzen, langile horien eskubideak erregularizatzeko ahalegina da. Bi helburu ditu: batetik, inon jasota ez dagoen azpi-ekonomia eguneratzea; eta bestetik, langile horien egoera duintzea.

Lanbide arteko gutxieneko soldata

Lege horren eraginez, gizarte segurantzan alta emanda egon beharko dute langile horiek. Urtero Gobernuak finkatzen duen lanbide arteko gutxieneko soldata jasoko dute lanaldi osoaren kasuan, eta 14 ordainsari jasoko dituzte urtean; hilabeteko oporraldia ere izango dute. Eta lehenengoz gaixotasun kasuetan zer egin jaso dute legean; hala,baja kobratzeko eskubidea izango dute ohiko gaixotasunen kasuan hirugarren egunetik, eta lan istripua izanez gero istripu hori izan eta hurrengo egunetik.

Langile horiek gizarte segurantzan alta emanda egoteak kontratatzen dituzten familiei eragingo die. Eta Lanbideko teknikariak berak onartu du ez dela momenturik egokiena.

Langabeziarik kotizatu ez

Legeak, baina, hutsunea ere badu. Gizarte segurantzari ordaindu arren langabeziarik ez dutelako izango. Hurrengo pausua izan beharko litzatekeela hori esan zuen.

Elkartutakoek galdera mordoa egin zizkioten; tartean jakin gura izan zuten autonomo eran lan egiterik baduten, segurantza sozialari zenbat ordaindu zelan ezartzen den eta eta kontratua familia bereko hainbat kideri egin diezaioketen erabiltzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak