Aurten lehenengoz Murrukixoren egoitzan izango du irteera ibilaldiak (07:00), Durana kaleko 13. zenbakian eta bukatu ere bertan egingo da. Handik Urkulu aldera egingo dute eta gero Urrexolara. Bide motza hartzen duenak Ugastegira egingo du eta luzetik doana Aitzulora jaitsiko da. Santikurtz ermitan (Ugastegi) elkartuko dira guztiak eta lehenengo mokadutxoa izango dute han.
Ibilbide motzetik doazenek Andarto ostetik bueltan Deguriara joko dute, eta luzea hautatutakoak Usakoetxeraino joan eta Aumategitik bueltan iritsiko dira Deguriara. Mugarriluzetik Leixargarateko aterpetxera joko dute guztiek eta han bigarren mokadutxoa hartu. Azkenik Kurtzebarritik behera Mendiolatik bueltan Aretxabaletara iritsiko dira. "Erabiltzen ez diren hainbat bide egokitu ditugu, jendeak ezagutu eta erabil ditzan; ibilaldi benetan polita izango da", jakinarazi du Iñaki San Migel Murrukixoko arduradunak.
Bide guztiak behar bezala seinaleztatuta egongo dira eta horretarako 30 bat lagun dabiltza egunotan lanean. Gogortasunari dagokionez ez duela apartekorik jakinarazi du San Migelek: "Domeka guztietan mendian hiru edo lau orduko ibilaldiak egitera ohituta dagoenak ez du izango arazorik. Izan ere, aldapen ostean lautadak daude atseden hartzeko eta ez dago gora-behera handiegirik". Hala ere, edozer gertatuta, erizainak egongo direla ibilbide guztian iragarri du.
Helmuga 11:00etan zabalik
Durana kaleko helmuga 11:00etan zabalduko dute eta martxa bukatzen duten guztiei diploma banatuko diete gero. Gainera, parte-hartzaile guztien artean mendiko materiala zozketatuko dute.
Orain dela bi urte 180 bat lagunek hartu zuten parte eguraldi eskasa egin arren; aurten, ostera, gehiago espero dituzte eta 300 bat lagunendako daukate gertatuta jatekoa eta edatekoa.