Nafarroa kaleko supermerkatuaren eta Jose Mari bodegoia izandakoaren artean dagoen lokalean tanatorioa jartzeko baimen eskaera aurkeztu dute udaletxean. Horrek ezinegona eta kezka eragin du lokal horren gainean eta inguruan bizi diren bizilagun askorengan: "Denda dago bertan, etxe mordoa dago inguruan… Zelan jarriko dute hor industrialdean hainbeste lokal daudenean hutsik? Beste herri batzuetan ere kanpoaldean daude", diote.
Atzo, hain zuzen, egin zuten bilera bizilagun horiek nondik jo erabakitzeko. Proiektua ezagutu gura dute lehenengo, eta hori eskatuko dute udaletxean. Abokatu batekin harremanetan daude eta harekin aztertuko dute gero kontua, zein alegazio aurkeztu jakiteko. Gainera, sinadurak batuko dituzte egunotan eta astelehenean berriro elkartuko dira.
Aukera bakarra, alegazioak
Ana Bolinaga alkateak jakinarazi du proiektuak arauak betez gero Udalak ezin duela ezer egin: "Hirigintza batzordeak aztertu du kontua eta araudian zehaztutako baldintzak betetzen ditu". Eta "aukera bakarra alegazioak aurkeztea" dela gaineratu du. Horretarako beste 10 egun eman dizkiete.